Aspaldiko lagun batekin aritu nintzen Durangoko Azokan kulturgileek eskura jartzen dizkiguten altxorrak dastatu eta, ohi dugun legez, kafetxo baten aurrean hango eta hemengo kontuak astintzen. Tartean, sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea delituak eta lehengoaren desegokitasuna agertzeak ekarri duen liskarrari berehala gehitu zitzaion bigarrenarena.

Espainiako kode penalean oraindik bizirik dagoen sedizio-delituak ez du parekorik Europako estatu demokratikoetan. Agintari publikoari indarrez edota legez kanpoko bideetatik jarkitzeko helburuz egiten den altxamendu publiko eta iskanbilatsua da sedizioa, bere definizioak dioenez. Irakurleak erabaki beza Katalunian 2017an gertatu zirenak definizio horrekin bat etorri daitezkeen. Europako epaileek buruzagi katalanen estradizoa ukatzeak hautsak harrotu zituen, batik bat, nazioalismo espainiar baztertzaileak etengabe elikatzen eta xaxatzen dituzten komunikabideetan.

Gorte Nagusietan “kolpista” deitu izan zaie Katalunian independentzia-prozesua abian jarri edota babestu zutenei; hau da, Estatuko gobernuaren baliabideak bereganatzeko eta dauden agintariak kentzeko ahalegina egin izana, horretarako ekintza bortitz eta azkarra eta indar militarra erabiliaz, horixe baita “kolpista” izatea.

Aipatu kode penalean aldatu nahi den beste elementua da diru publikoen bidegabeko erabilera-delituaren kualikazioa. Asaldatuta agertu direnek ahaztu egin dute Raxoi presidenteak egokitu zuela aurrekoa Artur Mas zigortzeko 2014an egindako herri-kontsultarengatik. Auziaren nondik norakoa ilustratzeko demagun gobernu batek publizitatea egiteko duen aurrekontu-partida darabilela independetziaren jarduteko, bere legealdi-egitasmoarekin bateragarria dela uste izanda.

Herri galdeketa aldebakarreko prozeduraz egitea izan daiteke desegokia, gizarte-itxaropenak zapuzteko jardun antzua... hori pentsatu eta aurka agertzea zilegi da. Baina delitua al da? Are gehiago, iraungitako Auzitegi Konstituzionala da epailea?