Ez daukat Gabonetako diskurtsoak entzuteko inolako zaletasunik. Gainera ez dut agendan apuntaturik izaten. Ez naiz hitz hotsandikoen zale. Ez ditut gustuko ele fiktizioak eta propagandistikoak, aspiraziorik gabekoak, masa-gizarte global eta masifikatuari igorritako liturgia gratuitoak, pilotu automatikoarekin idatziak eta irakurriak direnak.

Diskurtsoaren egunean, Espainiako erregeak ahoa zabaldu orduko, sukaldean izaten naiz gau horretako gutiziak prestatzen, eta ondorioz ezin eskain diezaioket merezi duen arreta.

Egia esan, ez dakit nork idatziko dizkion leitu beharreko lerroak, baina imajinatzen dut bere aurreko aita-erregearen doinu aspergarri berberarekin botako dituela egia ez absolutuak, gezur berdaderoak, eta uste ustelduak.

Nago (esan dut ez dudala entzun) Felipe VI.a Espainiako erregeak mezu arkaiko egin zuela, formolean gordea dagoen horietariko bat, atzerakoia, errena, alde bakarrekoa, oinarri-oinarrizko elkarbizitzari buruzko gogoeta irmo batekin baina bestelako nazioek dituzten aldarrikapen propioei inolako keinurik egin gabe. Espainia Espainia eta Espainia estatua apaingarriz betez, demokraziaz mintzatuz baina bere demokrazia estiloa goraipatuz, eta abarrez.

Aurten Ukraina hitza ere ahoratu omen du, eta badirudi instituzioetan dagoen kiratsaz ere mintzatu zela. Baina akaso aipatu zuen PP alderdiaren amarrua, erreformaren tramitazio parlamentarioa eten zuenean, demokrazian gertatu den ekintza larria Espainiako historian inoiz ikusi gabeko izan zela? Akaso, Auzitegi Konstituzionalean izan den estatu kolpea zertan izan den azaldu, eta bertan dagoen blokeoa desblokeatzeko laguntza eskaini zuen? Sistema demokratikoaren deslegitimaziorako egindako estrategia sutsuki baztertu zuen? Akaso, PP alderdian izan den korrupzio eta ustelkeria etenbakoaz mintzatu zen? Hiru letra dituen alderdi faxistaren kontrako laidoak bota zituen? Politikaren duintasunaz eta eskuineko gezur estrategikoez hitz egin zuen?

Pertsona horren esaldiek ez dute baloraziorik merezi, izan ere, bere hitzek desesperantza pizten dute beti.