Autoek argi-keinukariak erabiltzen dituzte; bizikleta gainean gaudenean, besoa altxatzen dugu. Ezkerrera edo eskuinera goazen adierazten dugu horrela, hori da ingurukoei gure asmoen berri emateko dugun modua. Baita istripuak saihestu eta zirkulazioa erraztekoa ere.

Harreman pertsonaletan ere intermitenteen antzeko beste tresna batzuk erabiltzen ditugu, keinuak eta hitzak, adierazteko nora goazen, zer lortu nahi dugun egiten ari garen edo esaten ari garen horrekin. Ez ditugu beti erabiltzen, batzuetan ez zaigu komeni gardenegiak izatea, baina, oro har, gure hurrengo urratsari buruzko informazioa ematen diogu aurrean dugunari. Gauzak argi geratzeko modu bat da, bestearenganako zintzotasun keinu bat.

Hala ere, pertsona batzuek beti ezkutatzen dituzte euren asmoak. Alde batetik, egiten dute gustatzen zaielako besteengan ziurgabetasuna edo gutxieneko deserosotasuna sortzea, horrela bereganako atentzioa areagotuko dela sinistuta. Misterio kutsu batean biltzea gustatzen zaie beren buruari garrantzia emateko. Baina egiten dute baita ere euren burua defendatzeko eta euren ahulezia ezkutatzeko: duten intentzioei buruzko informazio gehiegi ematea saihesten dute emandako informazio hori euren aurka itzultzeko beldur direlako edo etorkizunean esandakoa zuzendu behar ez izateko. Haien mezua lausoa izaten da gehienetan, eta askotan ironiaren edo txantxaren mozorroaren azpian ezkutatzen dira galderei zuzenean ez erantzuteko, beren benetako asmoak ez erakusteko.

Urteekin konturatu naiz zergatik nagoen gustura pertsona batzuekin eta zergatik deseroso beste batzuekin. Eta gustura egoteko arrazoietako bat hau da. Hasieratik nora doazen eta nora eraman nahi nauten jakinarazten didaten pertsonekin lasai sentitzen naiz, beldurrik gabe ni neu izateko libre. Bere asmoak erakusteko beldurrik ez duen jende ausarta gertu izateak ondo sentiarazten dit. Horrelako jendea gustatzen zait: alde batera edo bestera doala ohartarazteko besoa altxatzen duena, nahiz eta ez joan bizikleta baten gainean.