Gure inguruan inor guti gelditu da jakin gabe: Nafarroan aste honetan iragaten ari da matrikulazio kanpaina. Hemengo hedabide gehienek leku nabarmena eman diote –gizen eta gailen– haurrak lehen aldiz ikastetxeetan matrikulatzeko epearen hasierari. DIARIO DE NOTICIAS ez da salbuespena izan. Munduko bertze toki batzuetan ez dakit hemen bezainbateko lerroburuak oparitzen dizkioten kontuari. Ezezkoan nago. Otsaila joaten eta martxoa etortzen den bezala berritzen dituzte eskolek eta ikastetxeek beren ikasleak, eta hori ez da albiste irakaskuntza mundutik aparte. Euskal Herrian, berriz, Nafarroan eta Iparraldean bereziki, jende frankok antsietatez bizi izaten ditugu egun hauek, eta urduri itxaroten emaitzak. Eriari –edo eri-usteari– halakotsu gertatzen zaio osasun azterketa delikatu bat egiten diotelarik. Gehiegikerian erortzeko arriskurik gabe erran daiteke: hizkuntza komunitatearen bizitasunari, ordezkatze ahalmenari eta erakarmen indarrari urtero egiten zaien azterketa dugu matrikulazio kanpaina. Ez da neurgailu bakarra. Horra delako hizkuntzan ontzen diren kultur adierazpide desberdinen produkzioa literaturarena, hedabideena, musikarena, antzerkiarena, zinemarena, ikus-entzunezkoena- eta produkzio horrek jasotzen duen harrera. Aunitzen iduripena da kontsumoaren alorrean gure notak hobetzen ari garela ezari-ezarian. Etxeko supazterrean bakoitzak zer irakurtzen edo zer ikusten-entzuten duen ezin neurtu, baina jende aurrean behinik behin, itxura da aretoak gero eta aiseago betetzen ditugula. Ikasgelak betetzen, berriz, lan handiagoak ditugu. Halaxe ematen dute aditzera azken urteetako matrikula datuek, zeinetan D ereduaren higatze geldo bat jartzen baita agerian lurralde honetan. Heldu den astean jakinen dugu 2023. honek joera hori berresten edo hausten duen.