Ferrovialekin azken aldian gertatu den guztia aspaldidanik izan dugun eskandalurik hutsalena da. Askotan ahazten zaigu bizi gaituen sistema ekonomikoan, kapitalismoan (barkatu) diruak, kapitalak alegia, ez duela aberririk eta dirudunentzat aberriaren kontzeptua ura baino likidoagoa dela. Horregatik, egon diren gaitzespenak eta jantzi-urradurak (batez ere sozialistenak) ulergarriak bezain barregarriak iruditu zaizkit. Espainia frankistan aberastu zen familia eta enpresa (asma dezakegu nola), dirulaguntza demokratikoak erruz jaso duena, Herbehereetara, atzerrira, joango da oliba-olioa, eguzkia eta mundu osoan dagoen bizimodurik onena atzean utzirik, zergak eta zorrak eztitzeko, goizago afaltzeko. Kontuak erakusten digu berriro ere bizi gaituen kapitalismoaren fase honetan enpresek estatuek baino botere gehiago dutela, baita botere politikoa ere. Enpresa handi horiek arau berrien bitartez kontrolatzeko batzuek egin nahi dituzten ahaleginak laudagarriak dira, jakina, baina azalekoak izango dira nahitaez: “Merkatua da, adiskideok!”. Halere, egin, egin beharko dira.

Eskandaluaren beste alde bat ere barregarria iruditu zait. Ferrovial atzerrira doa. Atzerrira! Baina ez al gaude mugen aurka? Ez al dira banderak trapu zikinak baino ez? Ez al gara guztiok europarrak? Ez al da garaia estatuak ezabatzeko? Ez al da nazionalismoa gainditu beharreko akats larri bat? Kataluniatik alde egin nahi zuten enpresak txalotzen zituztenak negartienak dira orain Ferrovialek Espainiako Erresumatik alde egin duenean. Argi dago nazionalismo batzuk beste batzuk baino onargarriagoak direla.

Politikariek enpresei arduraz jokatzeko eskatu diete berriro ere, erreguka. Hori ere betikoa da, ezinaren aitortza garbia, eta aurreko guztia bezain barregarria. Repsolek, Josu Jon Imaz jaunak alegia, adibidez, nahi duena egingo du komeni bazaio.

Gasteizko kaleetara atera eta ni ere haserretuko naiz Ferrovial marka duen edozer lan publiko ikustean, noski, gehienok bezala, baina beharbada horrek non eta nola bizi garen gogoratzeko balio izango digu.