Ez dira gaurkoak euskararen aldeko arauen eta epaileen iritzien arteko tirabirak. Eztabaidak berez, bizitza aberasteko tresna interesgarriak dira. Baina epaitegien “iritziek” ondorio ukaezina dute: herritarrok -eta erakunde demokratikoek- bete egin behar ditugu, ados egon ala ez, zentzuzkoak eta justoak iruditu ala ez. Badakigu epaien bideak ez direla urrats bakarrekoak; halere, horrek ez du lasaitzen hasieratik sortarazten diguten inkesa.

Duela pare bat egun ezagutu dugu n-garrena. Euskadiko Auzitegi Nagusiaren arabera, “inposizioa” da Hezkuntza Sailak eskola-garraioari lotutako kontratu batean jarritako hizkuntza gaitasunaren premia.

Kontratuan enpresako langileei euskara maila egokia eskatzen zaie administrazioarekiko harremanetan. Enpresa jakin batek erabakia salatuz auzitegira jo du eta honek ebatzi du gehiegizkoa dela  eskabide hori. Azpimarratzekoa da derrigorkeria omen den harreman-modu horren objetua, Bizkaiko eskualderik euskaldunena dela, Lea Artibai, hain zuzen.

Euskararen erabilera eta euskaldunen eskubideak atzentzea datorren epai hau ez da lehena baina bai egoera zaildu dezakeena, enpresa eta administrazioaren arteko harremanaz ari den estreinakoa delako.

Pentsatzen hasita, ez dut gogoratzen ez epaitegirik ezta epairik ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak sendotzearen aldeko autua ozen azaldu duenik. Nik uste nuen XXI. mendean, gehikortasun-printzipioa dela ardatz eta aukera-berdintasuna helburua, ez zirelaoztopatuko euskararen erabilera sustatzeko jarduera demokratikoak .

Ez dakit Euskal Herrian dagoen epailerik gure hizkuntza ofizial gitxituan bizi denik; ez dakit dagoen inor euskara lehen hitzkuntza izan eta bere eskubideak zeharo mugatuak ikusi dituen epailerik. Hala balitz, gogoratu beharko luke euskararen baztertzaile nagusietakoa dela, inoiz izandako debekua bezain larria, prestijioa urritzea, administrazioan presentzia gitxituz bizitza publikotik baztertze bidean jartzea. Ahalegin horretan dabiltzanek ongi dakite. Geuk ere bai.