Badakit gaiak ez duela jadanik gaurkotasun handirik, baina Macron presidenteak Txinara egindako bidaian Guangzhou-ko unibertsitateko ikasleen aurrean esandakoak buruan dauzkat bueltaka irakurri nituenetik. Macronek pentsamendu kritikoaren aldarrikapena egin zuen han; ahaleginak egin behar ditut oraindik sinesteko edo barre ez egiteko. Ez dakit Macronen bisitak, eta Pedro Sánchezenak, eta Ursula von der Leyenenak, historiako liburuetan orrialde asko beteko dituztenik. Bidaia horiek ez dira iritsiko 1972an Nixonek egindakoaren mitologiara, eta ez du inork bisita horiei buruz opera bat idatziko, John Adams-ek 1987an egin zuen bezala: “Nixon in China”. (Tentaldian erori eta Maoren emazte Jiang Qing-ek kantatzen duen “I am the wife of Mao Zedong” aria entzuten ari naiz oraintxe. Azken aldian opera agertzen zait beti zutabe hauek idazten ditudanean: terapiaren bat egin beharko nuke.)

Zer gertatuko litzateke Xi Jinping presidenteak pentsamendu kritikoaren aldarrikapena egingo balu Sorbonako ikasleen aurrean? Zeren, Macron bezala, oso gai ikusten baitut nik Xi Jinping pentsamendu kritikoa gora eta pentsamendu kritikoa behera, azken finean, “pentsamendu kritiko” esapidea esanahirik gabeko mantra bihurtzen ari da, gauza bat eta kontrakoa zehazteko erabili ahal dena, hezkuntzaren munduan aspaldidanik ikasi genuen bezala. Bizi gaituen sistemak hitzak eta kontzeptuak bereganatzeko duen trebetasuna agorrezina da. Kontua ez da berria, jakina, Victor Klemperer edo George Steiner gogoratzea besterik ez dago, baina gaur egun hizkuntzaren erabilera toxikoak (agintarien eskutik, batez ere) marka guztiak apurtu ditu. Agian Macronentzat erretreten erreformaren aurka daudenek ez dute pentsamendu kritiko nahikorik garatu, edo pentsamendu kritikoa desbideratu dute. Pentsamendu kritiko ona eta txarra egongo al da? Behar bezalako pentsamendu kritikoa eta pentsamendu kritiko ustela? Zer jakingo du jendaila horrek guztiak filosofiaz eta pentsamendu kritikoaz?

“Macron ere, pentsamendu kritikoaren alde”: manifestazio batean oihukatzeko leloa dirudi.