Progresua da gure ikurra. Progresuaren aldeko lehiaketak, lasterketak, norgehiagokak. Etorkizunera di-da batean heltzeko dugu baliabide behinena progresua. Baina zer da progresua? Definizioz, gizarte baten garapen jarraitua, mailakatua eta orokorra alderdi ekonomiko, sozial, moral, zientifiko, kultural eta abarretan.

Baliteke mugimendu hutsa izatea, baina higidura horretan jakintzak geureganatu egiten ditugu lege zientifikoekin gertatzen den bezalaxe. Hortaz, progresuak bidea eskaini beharko liguke zuzena eta bidegabea denari buruz hausnartzeko eta erabakitzeko, eskuratu ditugun ezagupen berri horien argitan paradigma berriak sortzeko.

Bada, batzuetan ez da horrela gertatzen. Badirudi progresuaren abiadura pean denak balio duela. Progresuaren izenean benetako esperpentoak egiten dira, eta basoak, ekosistemak eta iraganak suntsitzen dira, hormigoi gris kolorekoarekin dena estaltzeko. Zabor-itsasoak sortzen ditugu, izotzak urtzen dira, paisaia aratzak birkalifikatzen dira. Eta progresua giza izaeraren hobekuntza-zentzua adierazten duen kontzeptua izan beharko litzateke.

Joan de astean irakurri nuen, erromatar galtzadaren zati bat deskubritu zutela Jundiz herriaren inguruan. Aurkikuntza ederrak, inondik inora, orain AHTaren obrek berriz eta betiko lurperatuko dituztenak. Badirudi Arabatik igarotzen zen galtzada hori luzea zela, Astorga eta Bordele lotzen baitzituen. Denborak dena zahartzen, kaskartzen eta ezabatzen omen du, baina pentsa litekeenaren kontra, badirudi aurkituriko aztarna horiek oso egoera onean badaudela. Galtzadarekin batera hainbat elementu arkeologikok ere argia ikusi dute berriz, izan ere, Neolito garaiko herrixka bat ere bertan omen zegoen erromatarrak iritsi baino lehen.

Bada, aurkikuntzak ekarritako poztasuna arin kopetilundu da zaleen aurpegian, AHTaren obrek ez baitute historiaz eta ondare kulturalaz ezer ere ulertzen, eta ondorioz, aztarnategia berriz lurperatuko dute, betiko. Agian, mila urte barru abiadura hipersonikoko trenerako egokitzapenak egiten hasterakoan egindako triskantza berriz azaleratuko da eta etorkizuneko biztanle haiek, agian beste mentalitate batekin, egindakoaz harrituko dira erabat. Agian.