Orain dela hilabete edo, zoriontasunaz idatzi nuen hemen Zoriontasunaren Egun bat bazela jakin nuenean. Harrezkeroztik zoriontasuna maizago agertu zait begien aurrera, kontzeptua behin aipatzeak kontzeptu bera errepikatzea (edo kontzeptu bera?) ekarriko balu bezala. Lasai, balizko irakurle kezkatu hori, ez naiz zoriontsuagoa izan azken hilabetean, ezta zoritxarrekoagoa ere; agian lehen oharkabeagoa nintzen, besterik ez, eta orain nire burua behartuago ikusten dut, zoriontasuna zer den pentsatu behar dut, uste dudan arren zoriontasuna konturatu gabe datorrela gehienetan.

Zoriontasuna berriro agertu zait liburu batean: jakin berri dut Katakrak argitaletxeak Epikuroren Zoriontasunaren defentsan argitaratu duela, Javier Aguirrek eta Jonathan Lavillak euskaratua, berehala irakurriko dudan liburua, zalantzarik gabe. “Epikuro filosofoaren testu moralak” irakurri nuen aspaldian, eta badakit zoriontsuagoa izango naizela liburu berriaren konpainian. Liburuak eta zoriontasuna lotzen dituenetakoa naiz.

Zoriontasuna berriro agertu zait Harvardeko unibertsitateak egin duen ikerketa batean, horren arabera jendea zoriontsuagoa da 60 urtetik aurrera (zorioneko naiz, beraz), eginbehar batzuk eta bilera desatseginak desagertzen baitira, besteak beste (erretiroarekin zerikusia izango du kontuak). Ikerketak baditu alde kezkagarriak: Estatu Batuetan urteko 75.000 euro izateak ongizatea (zoriontasuna?) bermatzen omen du. Zenbatekoa izango da kopurua Euskal Herrian? Eta badira, nola ez, pellokeria batzuk: kapitalismoa ez dela sistemarik onena zoriontasunerako, adibidez (egunen batean unibertsitate batek esango digu urak bustitzen duela).

Pozik nengoen liburu berriarekin eta nire adinarekin, baina beste ikerketa batean irakurri dut adineko LGTBI jendeek besteek baino arazo fisiko eta psikologiko gehiago dituztela zahartzean, bakardade gehiago, bazterkeria gehiago, depresio gehiago, iruzur afektibo gehiago... Baikortasuna gutxitu zait, edo orekatu, gutxienez. Zoriontasunaren ideiarekin mesfidati izateko joera izan dut beti.