Jaio, musika, hil, baina gero eta gehiago hiltzen gara, eta gero eta gutxiago jaiotzen gara. Musika, tarteka. Badirudi hazkunde globala aurrera eta gorako indizeetan jo eta su ari den bitartean, hemen Euskal Herrian, gero eta ume gutxiago jaiotzen dela urtero. Modu hotzean esanda, eta kantitatearen esanahi sakona ulertu gabe, joan den urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 24.000 pertsona inguru hil ziren. Zenbakiak aztertuta badirudi aurreko urteetan baino gehiago izan dela bolumen hori.Gertaturiko heriotzak jaiotzak baino gehiago izan ziren. Ia11.000 ume jaio ziren. Hortaz, eta populazioa neurtzeko erabiltzen lexiko berezi hori hartuta, hazkunde begetatiboa negatiboa izan da. Ez gara hazi, ez gara gehiago. Gero eta gutxiago gara.

Baina mundu bazterretan ere antzeko gauzak gertatzen ari dira? Somatu datai gabe handitu eta handitu egiten zen betekada demografiko horrek, gure munduak pairatu egin beharko duenak, egonkortze faseari ekingo omen diola. Datuek diote 2040. urtean 80 miliotara igoko dela dentsitate hori, baina adituek ere badiote une batean gelditu egingo dela, eta behin heriotzak eta jaiotzak orekaturik, biztanleria ez da gehiago puztuko.

Asia da jende gehien duen kontinentea, eta bertan daude Txina, orain arte lurralderik populatuena izan dena, eta India, Txinari urrezko domina kendu dion herrialdea, eta hemendik aurrera Lurreko herrialderik populatuenen artean txapelduna izango dena. Urte honen hasieran, ondo pentsatu beharreko zifra ikaragarri horren jabe zen India: 1.422.026.528. Benetako neurria hartzeko gai zarete?

Bada, ea munduko lagun guztien artean osatu dugun zenbakia ulertzen den: planetako 8.000 milioiko biztanlea iazko azaroan jaio zen, beraz, zifra hori gainditu egin dugu.

NBEren arabera, munduko biztanleria punturik gorenera iritsiko da 2080an, 10.400 milioirekin, eta, ondoren, beherako bidea hartuko du. Beste ikerketa batzuek diote 2060rako hasiko dela moteltze hori, 9.700 milioi biztanlerekin batera bizi garenean (edo zaretenean, batzuk ez baikara hor egongo. Zorionez!).