Ezin ukatu. Ilusioa pizten dit Euskadik, nire aberriak, euskal nazioak, auzolanean eraikia, kohesionatua, solidarioa, justu eta inklusiboa. Espero dut egunen batean onartuko dela naturaltasun osoz abertzaletasunak euskal gizartearen maila zabaleko borondate legitimo eta demokratikoari erantzuten diola. Guztiak legitimoak diren identitate-pertzepzio desberdinak normaltasunean elkarrekin biziko diren eguna ikustea edota sumatzea espero dut. Elkarri jaurtitzeko armak izango ez diren identitate partekatuak zein egunetan aitortuko diren amesten dut. Erreformatu beharrekoa eraberrituko da eta gehiengoaren hitza eta borondatea errespetatuko. Han eta hemen negoziatu eta adostuko dugu. Euskadin ez dugu ezer inposatuko. Ezer eragotziko Madrilen. Pragmatikotasun eraikitzailea landuko dugu. Ez ditugu printzipioak koiunturarekin nahastuko, mendi ertzetik tontorrerantz doan idi-pausoen gisa, aurrera eginez, eraikiz eta hobetuz. Maximoa onaren etsaia izatea saihestuko dugu, onena ahal denaren etsai izatea bezalaxe.

Atxikimendu askearen eta gehiengo zabalaren beti alde. Konfiantza dut Euskadin, bertako emakume eta gizonengan, gure nortasunean; oraina eta etorkizuna marrazteko eskubidean sinesten dut. Integratzeko eta negoziatzeko dugun gaitasun zuhur eta ausartean sinesten dut, urrats seguru eta begirada luzean. Iragana idatzita dago, deskribatu dezakegu, ez aldatu. Etorkizuna da oparirik onena hurrengo belaunaldientzat. Hazi asko ez dira inoiz ernetzen, baina bada fruitu bat inoiz ernetzen ez dena, landatzeko adorerik izan ez dena. Euskadi gehiegi maite dut, bata bestearen aurrean eraikitzen uzteko. Ez, ez dut lubaki politikoen erosotasunean sinesten, bai ideia demokratiko guztien zilegitasunean. Estatutua betetzearen eta euskal lurren autogobernuak sakontzearen alde nago, aldebikotasunaren eta eskumenen blindatzearen alde. Zubi politiko eta aldamio posibilista eta pragmatikoetan sinesten dut. Eta Kontzertu politikoa galdatu. Eta landa eta ernetzen diren hazi guztietan. Bedi bada.