Zaila da irudikatzea nolakoa zen ingurunea San Frantzisko plaza sortu baino lehen, ez baitzegoen plazarik, belena mehar bat baizik, San Migel karrikari segida emateko. Belenaren alde batean, frantziskotarren komentua zegoen eta, bertzean, berriz, bi eraikin: espetxea eta errege kontseilua.

Komentuaren ordez, egungo eskolak eraiki ziren duela 120 urte inguru. Espetxea nahiz errege kontseilua 1909an eraitsi ziren, leku zabal-zabala sortuta eta, lau urte geroago, egungo liburutegiaren eraikina egin zen. Eraikinaren parean, Ansoleagan, guardia zibilaren kuartela egon zen 1959ra arte. Han bertan, sei tirok zulatu zioten bizkarra Rodriguez Medel guardia zibilaren komandanteari 36ko uztailaren 18an, Molari men egin nahi ez izateagatik.

Ondoan, Otazutarren jauregia, hau da, Kontuen Ganbera, gerra ondoko lehen euskaltegi publikoaren egoitza izandakoa urtebetez (1950), Diputazioak sortua. Erdi Aroko jauregian oraindik ere oihartzun egiten dute Frantzisko Tirapu euskal irakasleak hasierako 35 ikasle haiei irakatsitako euskal hitzek, Campana, Ansoleaga eta San Frantzisko karriketako bestak ospatu diren honetan.

Eta oihartzun ere egiten dute Campionen eta bertze zenbaiten euskararen aldeko solasek, Euskara Elkargoaren bilerak hantxe egiten zituztenean. Tamalez, Ansoleagako Agerretarren jauregia pikotxak bota zuen duela 55 urte inguru egungo hotela eraikitzeko, sotoko arkuak Zaldi Zurira eramanda.

Jauregi hartan, erruz edan zen Iruñerriko txakolina Culancho izeneko txakolindegian. San Frantzisko karrikan, berriz, duela 400 urteko moldiztegi batean Juan Beriainek plazaratutako euskal liburutto baten ele idatzien oihartzunak: “Nik Iruñean mintzatzen den euskara moldean idazten dut, horixe baita euskaraz hitz egiten den eremuko toki gehienetan mintzatzen dena eta alde guztietan hobekien ulertzen dena”.