Aurreko udan arrapaladan, arrapaladan bai, irakurri izan ditut bi liburu. Ausartak biak. Aberatsak eta irakurterrazak. Egileak bi epaile adoretsu eta salatzaileak. Lehen liburua José Castro epailearena da (amerikar nobela beltzaren antzak dituen horietakoa). Jose Castro ezaguna da ustelkeria politikoaren aurkako ikerketetan erreferente izateagatik. Justiziaz eta bere lanean aurkitu dituen oztopoez hausnartzen du. Barrotes retorcidos, memorias de un juez du izenburua. Epaileak bere bizipenak kontatzen ditu espetxeetako funtzionario gisa eta ustelkeria eta influentzia-trafiko kasuetan epaile gisa, hala nola, Son Dureta Ospitalean, Calviá auzian, Palma Arena makrokasoan (Jaume Matas Balearretako presidente ohia eta ministro ohia zigortu zutena) eta Juan Carlos erregearen familiako kideak aulkian eseri zituen Nóo auzian. Berriro diot, ausarta.

Joaquim Boschen, La Patria en la Cartera, pasado y presente de la corrupción en España da bigarrena. Ustelkeri ekonomikoaren hausnarketa. Historia, zuzenbidea, politika kriminala, etika eta soziologia diziplinen bidez burututakoa. Espainiako arazo larrienaren, omen, azterketa. Trantsizioan garapen instituzional nahikorik ez zegoenez, ezin hautsi aurreko erregimeneko jardunbideak, eta, hala, ustelkeria modu berriak ahalbidetu ziren. Baieztatzen du Francoren diktaduraren ustelkeri masiboa, estatuaren hazkunde handiko garaietakoa.

Diktadorea hil ondoren, indar politikoek politika “demokratizatzea” ahalbidetu zuten arren ezin heldu diktaduratik jasotako ustelkeria orokorraren arazoari. Eta frankismoko politikariak “demokrazian” sartzeak, aparatu administratiboen jarraipenak, enpresa-eliteen iraupenak eta gizarte finkatutako ohitura soziologikoek kultura politiko hura luzatu zuten. Eta horrela ustelkeriari eustea, eta birmoldatzea, erraztu zen. Hauxe da liburu honen muina.

Bi liburu. Bi epaile. Bi ustelkeri, politikoa eta ekonomikoa hain zuzen. Bi arazo. Biak epaile ausartak. Biei nire esker ona. Bedi bada.