Sare asozial baten irakurri diot norbait EAJk hartu berri duen erabakiak 360 graduko bira izan dela. Barre egin dut, ez dakidalako benetan uste duen jeltzaleek erabateko aldaketa eman dioten orain arteko norabideari edo txantxa baino ez den, edonork baitakit 360 graduko birak leku berean uzten zaituela, agian apur bat zorabiatuta. Asteburua bai izan dela zorabiatzekoa: hasieran Urkullu ez zela izango hurrengo lehendakarigaia jakin genuen, eta ia-ia berehala EBBk Imanol Pradales askorentzat ezezaguna proposatzen ziola alderdiari hautagaia izateko. Gehienok harritu gara, eta batzuk hortik daude Ortuzar jaunaren eta Urkullu jaunaren arteko tirabirez mintzatzen edo filtrazioaren iturria non egon den asmatu nahian. Izango ditu EAJk erantzuna emango dizuten doktoreak.

Niri Pradales jauna Urkullu jaunaren bertsio berritu eta gaztetua iruditu zait, baina funtsean profil bera, eta badago Pradalesi Pedro Sánchezen antza ikusten dion baten bat. Ezezaguna izateak ez du garrantzirik, karisma asmatuko diote, EAJk argi eta garbi erakutsi baitigu Ardantzarekin edo Urkullu berarekin karisma egin, eraiki, fabrikatu ahal dela, baliabideak dituzte horretarako. Pradales Urkulluren ikaslea izen zela eta hori guztia istorio hunkigarria da, adibidez: probetxua atera beharko liokete.

Izendapenaren osteko EAEko sozialisten lehen erreakzioa, ez zirela sartuko beste alderdi baten prozesuan, zentzuzkoa iruditu zitzaidan, baina Eneko Anduezak adierazi du ahobero (berehala ahazten du bere alderdia Eusko Jaurlaritzan dagoela) EAJren proiektua agorturik dagoela eta kontinuismoa baino ez duela ikusten Pradales jaunarengan. Kontinuismoa baldin bada, eskertuta egon beharko litzateke, azken finean guztiok dakigu EAEko hurrengo gobernua jeltzaleek eta sozialistek osatuko dutela nola edo hala, EH Bilduk hauteskundeak irabaziko balitu ere. Andueza jaunari komeni zaio Pradales jaunarekin hitz egiten hastea, eta guri komeni zaigu gogara nahiz desgogara “Pradales lehendakaria” eta “Andueza lehendakariordea” hitzekin ohitzen hastea. Beste edozerk harrituko ninduke.