Gero eta telefono zenbaki eta arretazetzu gehiago dauzkagu, halako edo bestelako laguntzak eskatzeko edo eskubide urraketak salatzeko, eta gero eta gehiago isiltzen gara.

Sartzen zara autobusean, jendez mukuru dagoena eta, halako batean, hasten da ume bat negarrez. Begiratzen duzu alde batera eta bestera, ikusi duzu umea urte eta erdi ingurukoa dela, bere kotxetxoan sartuta. Beroa izango duela iruditu zaizu, edo hainbeste jende ikusita aztoratu egin dela, edo eta inork ez dionez kasurik egiten, aspertuta dagoela, gaixoa. Poltsatik giltzak aterako zenituzkeela pentsatu duzu edo umearen behatzekin jolasten hasiko zinatekeela. Joan-etorriko ipuin bat katramilatuko zeniokeela behatz artean. Horrelakoak egitea maiz egokitu zaizula, zureak txikiak zirenean. Baina jende guztia telefonoari begira doa, nor bere munduan. Umearen aita eta ama ere bai. Eta umeak negarrez darrai. Halako batean, aitak, bere mugikorra erakutsi dio umeari. Mugikorrean ikusten ari den filma jarri dio umeari. Eta txikia isildu egin da. Ingurukoek aitari begiratu diote. Inork ez du ezer esan. Zeren eta pentsatu, besterik pentsatuko zuten, edo. Baina zu isildu egin zara.

Eta gero polikiroldegira zoaz. Eta, han, aurreko klasekoak atera direnean sartu zara zu, zure taldekideekin batera. Eta irakasleak, ongietorria egin bezain laster, aurreko klaseko kirolari bat ez dela enteratzen kontatu dizue. Motza dela. Esanagatik eta azalduagatik, ez duela harrapatzen. Lotsa sentitu duzu. Auzo lotsa. Eta zugatik ere gaizki esaka ibiliko ote den galdetu diozu zeure buruari. Ez duzu indarrik aurreko kirolariaren alde ateratzeko. Ikasle bat errespetatzeko adina buru ez duen irakasleari zer azalpen eman diezaiokezun pentsatu duzu. Eta zu isildu egin zara.

Etxera bueltatzean, autobusa hartu duzu berriro. Telefonoari begira joango zarela erabaki duzu. Ez duzula isildu beharreko beste inolako arrazoirik aurkitu nahi. Eta ilaran telefonoari begira zaudelako, bi lagunek aurrea hartu eta jarlekua harrapatu dizute.

Isilik egin duzu etxerako bidaia. Zutik, edo.