Egokia gertatu ohi da hainbatez gogoeta egitea, eta gogoratzea eta gomutan aritzea. Emandako hitza berari betetzeari dagokio. Legea lege. Eta Organikoa gainera. Gernikako Autonomi Estatutuak Atariko buruan bere lehen artikuluak hauxe dio: Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta Konstituzioa eta Estatutu honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio-arautzat. Eta bere bigarrenean: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eta era berean Nafarroak ere, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren partaide izateko eskubidea dute.

Euskal Herriaren Komunitate Autonomoaren lurraldea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Herrialde Historikoez osatuko da, bai Nafarroakoarenaz ere, hauek egungo probintzien mugetan hartzen direlarik; eta baldin eta azkeneko horrek Konstituzioaren 4. agindu iragankorrean erabakitzen den prozeduraren arabera partaide izatea erabakitzen badu. 5.artikuluan: Euskal Herriko ezaugarria ikurrina bigurutzeduna da, aspa berde bat, gurutze zuri bat gainean eta hondo gorriaz osatua. 6. artikuluak horrelaxe dio: Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialaren maila izango du Euskal Herriaren gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. Hizkuntza dela eta, ez da inor gutxietsiko. 17.ak: Euskal Polizia Autonomoaren Aginte Gorena Euskadiko Gobernuari dagokio. IV. Buruak bere 46. artikuluan Estatutuaren erreformaz ari da.

Eta Agindu gehigarriak hauxe: Estatutu honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian barena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arabera gaurkotu daitezkeelarik. Legea lege. Bete eta osatu. Hitza hitz. Demokrazia. Euskadi eta Euskal Herria bihotzean, eta garunean.