Makroproiektuen garaian bizi gara. Dena da handia, bai eta handiegia ere. Udako jaialdiak makina bat talderen partehartzearekin antolatzen dira milaka eta milaka pertsona erakartzeko. Turismoa sustatzeko planak bultzatzen dira gure kaleak kanpotarrez bete daitezen. Datuak eta zenbakiak dira garrantzitsuak, bai eta pertsona kopuruak ere; eta horrek guztiak sortzen duen inpaktu ekonomikoa ahaztu barik.

Turismoa omen da herrialde guztiek daukaten diru-iturririk oinarrizkoena eta erakargarriena. Turismoari esker, herrialde ezberdinetako pertsonak beren aisialdiarengatik edo lanarengatik ezagutzen ez duten beste herrialde batera joaten dira. Horiexek dira turistak, eta horientzat dena egon behar da eskuragarri. Mugimendu horrek ekonomiari eragiten dio, diru kantitate handiak izaten baitira jokoan.

Eta esan dudan moduan denak izan behar du handia. Duela egun batzuk irakurri dut munduan dagoen gurutzaontzirik handienak bere lehen bidaiari ekin diola. Icon of the Seas du izena, 365 metroko luzera du, eta ia 10.000 pertsona eraman ditzake bere tripan. Imajinatzen duzue jende paketa horrekin batera bidaiatzea?

Bertako bidaiariak itsasontziaren 20 bizkarretatik ibili ahal dira; inoiz eraiki den ur-parkerik handiena dauka, eta urpekaritza-ikuskizunak bermatzen ditu entretenimendurako. Barruan “auzoak” ditu, estilo askotako dendak, jatetxeak, kasinoak, eta tabernak; guztira 40 baino gehiago, bai eta makina bat igerileku eta jacuzzi ere. Kirolak ere egin ahal izango dira, hala nola, surf, golf edota eskalada. Eta flipanteena, aire zabaleko berdegune bat ere badauka, landareen eta zuhaitzen arteko ibilaldi lasaia egin ostean, gonbidatuek afari erromantikoenak egin ditzaten. Astean behin, Miamiko portutik Karibeko hainbat irletara joango da, tartean, Bahamak irletara, beti ere bidaiarik esklusiboena eskainiz.

Esaten ez dutena da inoiz egin den itsasontzirik kutsakorrena izango dela, baita tira, diruarekin dena ordain daiteke.

Bitartean, zeuk pentsatuko duzu planeta suntsitzen ari zarela plastiko pila bat sortzen duzulako.