Ez dakit Iruinkokoaren gidoilariek azken orduko gertakaririk sartzeko astia izan ote duten, eguerditik aitzina Santana plazan antzeztuko den emanaldirako; ezin jakin, beraz, traktorerik, nekazaririk, lasto fardelik eta gisakorik agertuko ote den, urtean barna hirian gertatu direnak irriz, ziriz, trufaz eta zirtoz aletzeko istorioetan, edukia iltzez eta giltzez gordea baitute, inork gauzarik ttipiena ere sareratu ez dezan.

Dakigun bakarra da, eguraldia lagun, plaza lepo egonen dela, Iruinkokoaren ospea harresiz haratago hedatu baita Euskal Herrietan barrena. Harresiz honata, berriz, traktoreek ikuspegi bitxia sortu dute hainbat etorbide eta karrikatan; denak lerro-lerro ilaratan, bata bertzearen gibelean, kate koloretsu amaigabean; haietako aunitzetan “Jondere” marka mitikoa agerian, eta polizia orokorrean zerura begira.

Horren ondorioz, hiria eguerdietan lo iduri, Bigarren Zabalgunea isil antzean, ibilgailuen emaria ederki murriztuta, jaieguna bailitzan, Iruñerriak hiriari gaina hartu dion aste honetan. Hiriak beti erdeinuzko begirada egin dio hein batean Iruñerriari, Koko Herriari: aker-urrinak jotako jende aberea, baserritarra, kokoa, kaikua, zakarra, basa. Eta oraindik ere halaxe irizten diete zenbait funtzionario hirikumek nekazari eta abeltzainei, laborariak Europako legearen arrasto meharrera mehatxuz ekartzeko ahaleginean.

Ederki pairatzen dute hori, konparaziora, herrietako ekoizle txikiek. Ez da dena, ordea, Europako legea. Izan ere, ingurumena aintzat hartu eta landa inguruneko bizitza babestu behar dela dioten honetan, 80 familia baztandarren bizimoldea egonen da galzorian, hiriburutik hauspoturiko harrobia Erdizen egiten bada, han Artesiaga aldean, Nafarroako bazkalekurik onenetakoa galaraziko baita, hots, 2022ko uda bero idor-idorrean bazka izan zuen bakarra.