Orlando Figes-ek kontatzen du The Europeans liburuan 1849an trenbidea Fontainebleau-ra iritsi zenean, Parisetik hirurogeita bost minutuko bidaia, jende asko hasi zela bertaratzen, egunpasa, asteburuetan batez ere, jauregia, parkea eta basoa bisitatzera. Udan zortzi tren ateratzen ziren Parisetik egunero, 1857an hamabi. Fontainebleaun, gainera, bazen turistak erakartzen zituen beste ikuskizun bat: Barbizon, margolari askok urteak zeramatzaten herrixka horretan bizitzen, estudioetatik atera eta naturan bertan lan egiten hasi baitziren, geroago Barbizongo eskola bezala ezaguna eta ospetsua izan zena osatu zutelarik. Turistak edonon sartzen ziren, traba, baita margolariek betidanik erabili izan zuten Ganne izeneko ostatuan ere. Kexak berehala agertu ziren, 1852an Rousseau margolariak, lagun margolari guztien izenean, eskaera bidali zion gobernuari basoa babes dezan inbasio turistikoaren aurrean. Hamar urte geroago gobernuak basoan eremu babestua eta artistentzako erreserba moduko bat ezarri zituen. Istorioak badu alde paradoxikoa: turista horiei esker jende gehiagok ezagutu zuen Barbinzongo margolarien lana, salmentek gora egin zuten, baita prezioek ere. Pentsatzekoa da Fontainebleau inguruko ostalaritza santuak ere etekin ederrak aterako zizkiola egoerari.

Turismoaren kalteak (eta onurak, ados) ez dira berriak, beraz. Kontua zaharra da. Baina zaharra izan arren, badirudi ez dugula asko ikasi. Hainbat tokitan egin diren triskantzak argi eta garbi ikusten baditugu ere, hamaika dira adibideak, agintariak prest daude padurak lehortu, itsaslabarren gainean apartamentuak eraiki edo larreak atondu auto gehiago utzi ahal izateko, Fontainebleaura trenez ailegatzen ziren, behintzat.

Konponbideak ere zaharrak dira, antza: eremu batzuk babestu edo itxi, erreserbak ezarri, jende kopuruak mugatu, tasak handitu... Baina uste dut horrek guztiak ez diola arazoari irtenbidea emango. Masa-turismoa geldiezina da. Neurri gogorragoak? Bidaia-ontziak debekatu? Ostalaritza santuak izango du azken hitza, jakina.