Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Etxepe batekoak elkarren arrotz

Etxepe batekoak elkarren arrotzPABLO VIÑAS

Zazpi senideko familia batean, arotza zen gure aita” zioen abesti zaharrak. Metafora ederra: zazpi senide zazpi herrialde dira, nork bere nortasun berezia duela, baina, aldi berean, zazpiak guraso baten babesean bizi direla. Etxe bateko seme-alabek nortasun berezia dute, baina gurasoen aztarrenek haiek batzen dituzte. Horrexek ematen du jarraipena, belaunaldi batetik bestera dirauena. Egundaino!

Izan ere, seme-alabak haien artean neba-arrebak direla aititak eta amamak eta gurasoek erakusten diete ondorengoei. Hortixe ikasten dute hauek enbor batekoak direla, etxepe berekoak direla, haien artean dagoen lotura eta etxepetik kanpokoekin dituzten harremanak ezberdinak direla. Arotzak badaki seme-alabak hazi eta hezi behar dituela, eta badaki bere ondorengoek hazkunde eta heziketa horretatik edaten dutela, eta horrexek ematen diela iraganetik etorkizunerako orainaren zubia, edo orainaren katebegia, lehenarekin eta geroarekin katea osatzen duela.

Gaur egun, ostera, familiak nekez heltzen dira lagun biko batezbestekora. Euskal arotzek etorkizuna bermatzeko gogoa galdu dute. Aita arotzak ez die bere ondorengoei igarotzen berak aurrekoei eskuratutako jakintza. Arotza ona izan behar du, maila teknikoan bikaina dena, baina, horretara ezkero, berdin dio euskalduna izan zein beste edonongoa izan. Familiaren barruko lotura ez da bereizten kanpokoekiko harremanetatik. Hain gara elkartsuak eta eskuzabalak!

Bien bitartean, etxepekook ez dugu elkar ezagutzen familia berezi gisa. Orain arte batu gaituzten ikurrak mespretxatu eta gutxiesten ditugu. Guk geure burua agertzeko lotsa dugula ematen du. Jainkoarren! Ez dakit munduko zein bazterretako bidegabekeria guztiak aldezten ditugu arrisku bizian dugun biziraupenari kasurik egin barik. Gure etxepea sitsak janda egonagatik, ez diogu hari kasurik egiten, baina txalet arrotzak zaintzen ditugu. Ez dakit nahita ala igartzeke, baina gure burua ukatzen ari gara herri gisa. Deslai gabiltza!