Gezur bat behin eta berriz errepikatuz gero, egia bihurtzen da”. Joseph Goebbels Hirugarren Reicheko propaganda ministroari egozten diote esaldia, baina nire iruditeria pertsonalean beti agertzen da Juan Mari Torrealdaik esana: “Gezur bat mila aldiz errepikatzen dute egia bihurtu arte”. Hala entzun nion egun batean, Egunkaria-ren itxiera bidegabe eta traumatikoaren ondoren jasan zuen gezur, akusazio eta kalumnia oldeari buruz ari zela. Alemania naziaren garaian hain argi zuten hori, baina, errutina bihurtzen ari da XXI. mende honetan, gezur-detektagailuari pilak behin betiko amaitu balitzaizkio bezala. Hala, Donald Trumpek esaten du etorkinek Estatu Batuetako hiritarren katuak eta txakurrak jaten dituztela, edo demokratek agintzen duten Estatuetan ume jaio berriak erail dituztela, eta, nahiz eta askori barregura eragin gezur horrek, jende askok sinesten du. Edo, Espainian 2024. honetan bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeak 35 direnean (35!), eskuin muturrak esaten du genero-indarkeria asmakizun bat dela eta, nahiz eta jende askok halakorik sinistu ez, inkesten arabera, mutil gazteen % 20ak baino gehiagok uste omen du genero-indarkeriarik ez dela existitzen edo asmakizun ideologiko bat dela.
Propaganda beti existitu da, batez ere gatazka-testuinguruetan, aldea da mende berri honetan propagandaren makineriak aliatu handia duela. Mundu teknologikoak, sare sozialek, mezu bat oso denbora gutxian biral egiteko gaitasuna dute. Egia edo gezurra izan. Manipulazioak tresna azkar eta eraginkor bat du gaur egun, gure poltsikoetan kabitzen dena eta gurekin edonora doana. 1938an Orson Wellesen “Munduen Gerrak” izua sortu zuen herritarren artean, irrati-fikzio hura egia zela pentsatu zutelako; 2024an antzeko zerbait gertatzen ari zaigu, gezurrak aireratzen dira konplexurik gabe, baina ez dator gero inor adierazitako hori fikzio hutsa dela aitortzera. Gezurrak airean jarraitzen du, bolo-bolo zabaltzen, errepikapenaren poderioz inoiz egia bihurtzeko bidean.