Enegarren gertakaria Aralarren. Aspaldian hasi ziren; oroit, bertzenaz, Goñiko zaldunaz, hark egindako hilketa ikaragarriaz, Aita Santuak hari ezarritako zigorraz (hil artean oinak katez loturik ibiltzera kondenatua), kobazuloko herensugeaz, Teodosioren laguntza-oihu erdiragarriaz eta San Migel aingeruaren agerpenaz, herensugeari lepoa ezpataz mozteko, zalduna piztiaren hatzaparretatik libratzeko eta, bidenabar, Teodosioren kateak hausteko. Horra behialako elezaharra, Iruñeko ipar harresietatik ederki ikusten den Artxueta azpiko santutegiari lotua, Putregain izeneko alderdian, Aralar mendian.
Elezaharraren ondotik, egiazko gertakariak, montioka, guztiak ere santutegian: 1620ko lehen lapurreta saiakera, 1689ko lapurreta eta 1797koa, sonatua zinez, San Migelen irudia bera lapurtu baitzuten.
Lapurrak handik gutxira harrapatu eta, hiru urte geroago (1800), haietariko hiru Iruñean urkatu zituzten (bi lapurtar eta luzaidar bat), haien eskuin eskua moztuta eta San Migel inguruko herrietan erakutsita: Pedro Gameto makearra, Domingo Abanz ezpeletarra eta Pedro Andikol luzaidarra. Lapurreta horri buruzko bertsoak noranahi zabaldu ziren garai hartan (“maiatzeko hilaren hamaikagarrena, San Migelen lapurrak sartu ziradena”), hamaika aldaera iritsi zaizkigula.
Eta handik berrehun urtera, 1979an, Erik Belgikarrak zer eta esmaltezko erretaula paregabea feriatu zuen. Gero, 1982tik aitzina, hantxe egon zen Euskadi irratiaren ahotsa eta ETBren seinalea Iruñerrira ekartzeko tresna, Ansuategi gobernadore zibil beldurgarriaren asmo gaiztoetatik babesturik. Ansuategi saiatu baitzen santutegiko atea zeharkatzen, baina gure Don Inozenziok tinko eutsi zion. 40 urte baino gehiago joanagatik ere, gauzak zer diren, aste honetan bertan UPN eta PP berriz ere mintzatu dira EITB Nafarroan ikustearen kontra. Kaparragorik, nekez.