Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Jose Manuel Bujanda

Amnistia

AmnistiaANDREU DALMAU

Bi amnistia lege ezagutu ditut bizitzan. Bata 1977. urtekoa, lege horren eskutik kaleratu baitnintzen Karabantxeleko espetxetik gaueko ordu-biak aldera txistulariak eta ama Xixili espetxeko atea zaintzen zeuden polizi multzoen aurrez aurre egonik esperoan txistu-danboril eta besarkada hunkituen artean. Demokraziaren hastapenen lehen urratsak. 47 urte ondoren Espainiako Parlamentuak Amnistia lege berria onartu du Catalunyan gertaturikoen ondorio eta triskantzak atzean utzi nahian.

Baina legeak dionaren bidetik neurri zehatzak gauzatu eta hartu ordez hainbat epaileren iritzia eta jarrera beste bat izan da, legearen edukiaren interpretazio bereziari heldu diote lotsagabeki. Eta ekin. Bi hilabeteko epea zuten beraien egin beharra burutzeko. 500 pertsona itxaroten epaileen erabakiak tarteko. Igaro dira bi hilabeteak. 100 pertsonek soilik jaso dute epaileen erabakia, berriro diot 500enetik 100, eta hauetatik erdia, hau da 50, poliziak, beraien oldarraldi eta jazarraldiaz barkatuak izan direlarik. Hauxe izan da hainbat epaileen jarrera eta erabakia.

Amnistiatuen artean 3 politiko soilik, Marta Rovira horietako bat. Gogoratu behar legea Parlamentuan onartu aurretik nola hainbat epailek bere jantzi dotore eta guzti zenbat elkarteratze burutu zituzten aurkako iritzia lotsagabeki azalduz. Gogoratu behar PPko Ignacio Cosidok nola adierazi, lotsagabeki, kontrol pean zutela ate atzetik hainbat justiziako eremu eta esparru eraginkor. Gogoratu behar nola Espainiako presidente ohia Jose Maria Aznarrek esan beste hura “egin dezakeenak egin dezala”. Nik neuk, umilki oso, bi epaile bereizten ditut, Jose Castro epailea eta Juan Carlos Peinado bestea. Castro, zorrotza, leiala, zintzoa, demokrazia jomuga duena, irmoa eta fidatzekoa. Maitagarria esango nizueke. Eredua. Bigarrena, Llarena, Aguire eta beste hainbesteren kidea. Baina azken hauei buruzko nire iritzi berdadero eta egiazko emateaz ez naiz gaur ausartzen irakurle estimatua. Baina, suposa dezakezu esfortzurik gabe zein den. Bedi.