Jende olde handia Landakon. Aurtengoa 59. aldia izan da. 1965ean hasi eta berehala zabaldu zen haren ospea bazter guztietara, Iruñera ere bai. Gure hiriburuan plazaratzen zen euskal hilabetekari batean 1968ko edizioaren berri eman zen: “Euskalerriko euskal liburu eta diskoen erakusketa Durangon”.

Artikuluan aipagai da Euskaltzaindiak bilera egin zuela han bertan eta sari eder bat eman zitzaiola Jose Estornes Lasa izabarrak ondutako “Erronkariko uskara” liburuari. Aurten ere salmenta ederrak izan omen dira; haien artean, Fermin Erbiti kazetari irunxemeak Perurena plaza-gizon leitzarrari maisuki egindako elkarrizketa joria, Pamielak “Harria bidelagun” izenburupean karrikaratua. Duela laurehun urte ere euskal libururik saltzen zen. Izan ere, Juan Beriain Utergako semeak idatzitako liburuxka bat erosteko agindua eman zion eliz bikario nagusiak Bezkizko (Orbaibar) apezari 1628an, herritarrei dotrina euskaraz irakaste aldera. Ezin jakin Bezkizko apeza hiriburura etorri ote zen agindua betetzera edo nola moldatu ote zen liburua erosteko. Bada agindu berbera eman zitzaion urte hartan Iruñerriko hego mugaldean dagoen Biurrun herriko apezari.

Gainera, handik aitzina apezpikuaren ordezkariek Biurrunera egindako bisitetan gauza bera oroitarazi zioten kasuan kasuko apezari: dotrina euskaraz irakatsi beharra, alegia. Eta halaxe egin zuten 1628tik 1763ra arte. Beriainek, gainera, pare bat gauza jakingarri idatzi zituen Iruñeko Carlos Labaienen moldiztegian plazaratutako liburu haietan: batetik, “munduan ez baita bere hizkuntza maite ez duen naziorik eta eskoletan irakurtzen eta idazten irakatsi ez duenik”, eta bertzetik, “nik Iruñean mintzatzen den euskara moldean idazten dut, horixe baita euskaraz hitz egiten den eremuko toki gehienetan mintzo dena eta alde guztietan hobekien konprenitzen dena”.