Hartzak 80 ardi buru hil ditu aurten Erronkaribarko bazterretan, asteon jakin dugunez eta, hamaikagarren aldiz, zerbait eginen dutela agindu diete foru agintariek lepotik gora ernegatuta bizi diren artaldeen jabeei. Urrun dabiltza hartzak Iruñetik, haien gaineko erabakiak hartzen diren lekutik. Garai batean, hurbilago zebiltzan, Alaitz mendian, konparaziora. Eloko Diablozuloko leizean hartz-hezur aunitz agertu dira eta, duela lau eta bortz mende, Alaitz inguruko herritarrek zilegi zuten hartzak ehizatzea, bai eta otsoak ere.

Ez du otsoak ospe onik izan gurean, “atzerri, otserri” erranairuak salatzen duenez, erran nahi baita, atzerria maiz otso-herria gertatzen baita. Kontrara, Agoizko zaldi buru eder bati Otsaburu izena eman zioten duela mila urte inguru, garai hartako agiri batek dakarrenaren arabera. Orain dela ehun bat urte, bertzalde, Iruñeraino bertaraino etorri omen zen otso bat.

Halaxe iruditu zitzaien, behintzat, Buztintxuri-Euntzetxiki aldean zebiltzan hainbat lekukori. Hiriburuan berean, “otsoetsate” parajea egon zen aspaldian; hau da, otsoak harrapatzeko lekua, Sadar gaineko “Otsandazubia” atzendu gabe. Nolanahi ere, adinez aitzina doan jendeak Urbasarekin lotzen du otsoa, mila ardi baino gehiago hil baitzituen 70eko hamarkadaren akaberan, harik eta Jose Luis Garmendia artzain etxarriarrak 1981eko ekainean bi tiroz akabatu zuen arte. Hura balentria handitzat jo zen. Izan ere, otsoaren gorpua ikusgai jarri zuten Lizarragako tunelean, Lizarraga herrian eta, azkenik, Etxarri Aranatzen bertan, eta bi milatik gora lagunek ikusi zuten egunbetean. Urbasako azken otsoa, omen. Orain, iduri du gero eta hurbilago dabilela, barra-barra zabaltzen ari baitira Nafarroako muga ondoan abendu honetan bertan hartutako irudiak. Ez bat, ez bi, ez hiru, lau baizik, otso saldoa, alegia.