Batzuetan, nahikoa izaten da detaile bat, haren azpian dagoen mendeetako historia ikusteko. Keinu batzuk izeberg handi baten punta dira. Txikian ikusten da ia beti handia. Elisa Mouliaá-rekin Carretero epaileak izan zuen jarreran erraza da antzematea mespretxua, errespetu falta, matxismoa. Baina ez da beti hain erraza izaten, normalean botere-harremanak modu sotilagoan agertzen baitira. Ez dago sotiltasunik epailearen galderetan, baina bada esaldi bat berez esanahiz betea dagoena. “Hábleme de usted”. Epaileak errespeturik erakutsi gabe eten egiten du emakumearen deklarazioa berarentzat errespetuzko trataera eskatzeko.
Eta keinu horretan erraz da aditzen naftalina usaina; matxismoa, misoginia eta botere-harremanen mendeetako historia gordetzen duen armairu zahar baten usaina. Batzuetan hitz bat nahikoa da testuingurua argitzeko. “Kasu honetan, “Hábleme de usted” nahikoa zatekeen epailearen botere-erakustaldia antzemateko, baina, gainera, umiliatu egiten du emakumea, barregarri uzten du, zalantzan jartzen du haren testigantza, infantilizatu egiten du... “A ver señorita, ¿no sería que usted quería algo con este señor?”, “¿Sabe para que se sacó el miembro viril? Eta galdera da: Mouliaák erantzun al zezakeen, mesedez, niri errespetuz hitz egin? Zalantzarik gabe, ez. Ez zegoen leku egokian, ezta posizio egokian ere. Izan ere, besteak beste, indarkeria matxistaren biktimei eskatzen zaie eredugarriak izatea, biktima perfektuak.
Benetako biktimaren tratua merezi izateko, beharrezkoa da erabat hondoratuta egotea, bizitza berregiteko itxaropenik ez izatea, jokabide ezin hobea izatea, apala izatea, inoiz ez erakustea gizonzale izan zaitezkeenik, etab. Eskema horretan sartzen ez bada, zalantzan jartzen da biktima, barregarri uzten da. Bada garaia indarkeria matxistaren jasan dutela salatzen duten emakumeak, edozein motatakoak direla ere, errespetuz tratatuak izateko. Ez “de usted” hitz horiekin preseski, baina bai jarreretan. Azpian zer dagoen erakusten duten keinu sotiletan, garrantzitsuetan.