Ehunka mila palestinar, gazteak, zaharrak, umeak, zaurituak, gaixotuak eta nekatuak asmo bital bati atxikirik, exodo ikaragarri handi bat egiten hasi dira egunotan. Etxera itzuli nahi dute. Etxera. Beren etxea zegoen toki zinez maitatu horretara.
Gazako iparraldean dute balizko etxe hori, eta harantz abiatu arren, ez dakite zer topatuko duten iritsitakoan. Edo hobeto esanda, jakin badakite zer aurkituko duten baina ez dute horrekin katramilatu nahi, ez dute triskantza posible batean, azpiegitura gehienak suntsituta daudela pentsatu nahi. Baina errealitatea da aiurri genozida duen Israel herriak, inolako eskrupulurik gabe, bonben bidez deuseztatu duela lurralde hura guztia, eta ia etxe guztiak eraitsi ditu. Zoritxarrez, hondakinak baino ez dituzte aurkituko.
Halarik ere bidean poztasunerako liparrak bizi dituzte (ditugu), eta aspaldiko lagunak berriz elkartu dira, bortizki separatuak izan ziren anaiek negar egin dute besarkaturik, eta guraso batzuek ere berriz besarkatu ahal izan dute aspalditik ikusi gabeko semea.
Irudi terriblea da exodo izugarri hori telebistetako pantailetan ikustea. Terriblea, gaur egun, mundu modernizatu honetan, hori bezalako giza-trajedia gertatzen ari delako.
Irudi horiekin batera beste batzuk ere ikusi ditugu duela egun batzuetako albistegietan. 80 urte bete dira Sobietar Batasuneko tropek Auschwitz askatu zutenetik. Gazako genozidioak eta han gertatu zenak sekulako antzekotasunak gordetzen dituzte. Zer pentsatuko lukete toki hartan jazarrita hil ziren juduek, orain Palestinako herriaren aurka Israel bere izenean egiten ari denaz? Historiak ez digu ezer irakatsi?
Holokaustoaren Oroimenaren Nazioarteko eguneko ekitaldian, esparru beltz hartatik bizirik ateratzea lortu zutenek “nazien gorrotoaren ideologia” itzuli dela ohartarazi dute. Ekimenean, munduko 60 herrialdetako ordezkariak batu ziren (Trumpek eta Netanyahuk kale), tartean Espainiako errege-erregina. Han, Borboiek nazien biktimei omenaldi hunkigarria egin diete, eta Espainian, frankismoak eragindako milaka biktimen aldeko omenaldietara ez dira joaten.