Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Hechos

HechosPixabay

HECHOS son amores”, esaten zuen gure amak. Euskaraz hitz egiten bazigun ere, askotan erabiltzen zituen gaztelaniazko esaera eta atsotitzak. Behin honela egin zidan agiraka etxera gauez berandu heltzeagatik: “Beste gauza batzuetan parrandan beste ahaleginduko bazina, otro canto gallaría”. Eta esaldia benetan haserre hasi bazuen ere, biok bukatu genuen barrez lehertuta haren hitz-korapiloarekin.

Baina bai, askotan erabiltzen zuen “Hechos son amores”, Lope de VegarenObras son amores y no buenas razones komedia gogora ekarriz edo agian haren berririk izan gabe.

Eta nik ere erabili izan dut esaldi hori, nire artean askotan, batzuen jarrerak gogoratuz. Baina konturatzen naiz, batzuek esaldi horren esanahiari buelta ematen diotela modu maltzur batean eta euren egiteko moduak justifikatzeko helburuarekin. Ea kapaz naizen azaltzeko. Batzuek euren ekintzek adierazten dutenarekin jada dena esanda dagoela uste dute, ez dute egindakoaz inolako azalpenik emateko beharrik ikusten. Hau da, ekintzei garrantzia ematen diete, hechos, bai, baina euren ekintzak azaltzeko beharrik ez izateko.

Ekintzekin, kitto, dena esanda dago haientzat. Harreman bat moztea erabakitzen badute, adibidez, bestearekin hitz egin beharrean eta gauzak garbi azaldu, ekintzekin askatzen dute korapiloa. Hau da, ez diote gehiago deitzen, edo ez dituzte haren deiak erantzuten edo ez dira berriz agertzen elkarrekin topo egiten zuten lekuetan. Baina egiteko modu hauen atzean amores baino gehiago temores daudela esango nuke. Jendeari aurpegira gauzak esateko beldurra eta koldarkeria azken finean. “Esan eta egin” da gauza bat, baina “egin eta ezer ez esan”, beste gauza bat oso diferentea. Ta pertsonok hitzak behar ditugu ekintzez gain inguruan ditugunak ulertzeko. Azalpenak, barkamenak, argibideak… Esplikazio batzuk Ikea-ko altzariak muntatzeko behar ditugun bezala. Hechos son amores, bai, baina hitzik gabe, askotan hechos son muy pobres.