Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Aurten ere inauteriak

Aurten ere inauteriakJuan Mari Ondikol

Urtero bisitatzen gaituzten jai hauek, jaiak baino zerbait gehiago dira. Urtero eraldatzen gaituztenak edo pentsa arazten digutenak ere ba dira. Ondo pasatzeko direla esan ohi dugu. Mozorrotu! Izan zaitez beste norbait! Esan ezazu normalean esatera ausartzen ez zarena! Begira iezaiozu munduari beste modu batera. Beste begi batzuetatik. Beste gorputz batetik…

Inauteriek, era batera zein bestera begiratu, transgresio puntu nabarmena dute. Errealitatea distortzionatuta ikusteko unea eskaintzen dute. Normalean ez den bezala. Eta askatasun puntu salatzaile batekin. Gatzak zaurian erretzen duenean lez. Ez gehiegi baina bai nabarmen. Hala erakutsi zidaten niri. Protesta egiteko une aproposa zela. Protesta egin daiteke, ordea, graziarekin, errespetuz, eta ironia fina lagun. Bestearen larruan jarrita. Bestearen larrua jantzita.

Pailazo oso ezagun bati entzuna diot, umorerik finena, oinarrizkoa dela. Denok ulertzen ditugun eta denoi gertatu zaizkigun egoerak azaltzen dituena. Norbere buruari barre egitea dela sanoena. Umore mota horrekin ez dela inor mintzen. Eta, horrela, denok sentitzen garela ordezkatuta. Bestearen larruan, norberarenetik.

Aurtengoan, aukeratzen ditugun mozorroekin kontuz ibiltzeko gogorarazi digute, baztertzaileak edo arrazistak edo biak batera izan daitezkeelako, eta estereotipoak birsortzen dituen gizartearen kontra hitz egin da. Baina norbere buruaz barre egiteko ere, geure buruaz egin dugun argazki batetik abiatzen gara.

Denda merkeetan euro gutxiren truke eros daitezkeen mozorro estereotipagarriengandik ihes egiteko eskatu digute. Atzo, ostera, ikusi nuen zebraz jantzita pertsona bat, benetan, animaliaz dugun irudiarekin oso bat zetorrena eta, aldamenean, berarekin batera zihoan kidea biluzik zihoan. Sukaldariek jantzi ohi duten amantala gerri atzean lotuta, eta amantalaren erdi aldetik zakil erraldoia dindiliska, dinbili-danbala alde batetik bestera punta gorridun aparatua dantzan zeramala.

Ahor, elkarrekin zihoazen bi lagun, nor bere larruan. Edo besterenean zihoazen?