Hiru aste joan dira aurtengo aurrematrikulazioari buruzko datuak zabaldu zirenetik eta badakigu hizkuntza-ereduek, funtsean, bere horretan dirautela. Badakigu, halaber, itunpeko hiru ikastetxe pribatutan eskariak gehiago izan direla ikaspostuak baino, hedabideetan luze eta zabal eman baitzuten horren berri. Baina inon ere ez da argitaratu D ereduko ikastetxe publiko batean ere antzera gertatu dela.
Mutiloako Irulegi ikastetxean, hain zuzen. Izan ere, gurasoek aditzera eman dutenez, 50 leku eskainirik, 56 eskari izan dira. Beraz, sei ikaslek bertze ikastetxe batera joan beharko dute, eskolan bertan hirugarren lerroa zabaltzen ez bada. Ofizialki inork ez die deus ere erran zer gertatuko ote den, eta kezkaturik dabiltza.
Jakina da D ereduak sekulako indarra duela Mutiloako Irulegi ikastetxean, Aranguren Ibarreko haurrez gain, Lezkairuko haur pilo bat ere joaten delakoz, iaz arte ez baitzen D eredurik eskaini guraso gaztez betetako auzo berri horretan. Era berean, ez da deus erran Oibarko ikastetxeaz.
Herriko eta inguruko gurasoek gogotik egin behar izan dute lana D eredua herrian ezartzeko eta, azkenean, aurten eman zaio bide eskaerari, hainbat urtetan ukatu eta gero. Bada, ofizialki ja ere jakinarazi ez den arren, Oibarko D eredua zabaldu egin beharko litzateke, familia batzuek izena eman baitute. Aipagarria da, halaber, Irunberriko eta Zangozako ikastoletan izan den gorakada handia, bazterrak jendez husten ari diren eskualdea izaki.
Arestian erran bezala, datu nagusiak zabaldu zituzten bai, baina xehetasunik batere ez, eta harritzekoa da, gainera, hezkuntzari lotutako eragileek deus erran ez izana. Eta badago oraindik ere argitu gabe dagoen kontu bat, demografia aldaketa handiei lotuta, hots, nola dauden ereduak banatuta gurasoen jatorriaren arabera. Datu hori iltzez eta giltzez dago gordea.