Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Gerrak

GerrakWikipedia

Europako herrialde askotan, gaurko eguna, maiatzak 8, jai nazionala izan ohi da, 1945eko egun honetan Alemaniako naziek baldintzarik gabeko errendizioa sinatu baitzuten. Hortaz, gaur (eta bihar ere) oroimenezko eguna da, Alemaniako indar armatuen errendizioa eta Adolf Hitlerren Hirugarren Reicharen amaiera ofiziala eman baitziren. Gatazkarik suntsitzaileenaren izugarrikeria haiek berriz ez gertatzeko nahia finkatu zen egun honetan eta horrexegatik, Adiskidetzearen eta Bigarren Mundu Gerrako Biktimen Memoriaren Eguna ere bada.

Baina egungo sasoiari begiratuz gero, ez dirudi Antropozenoko gizakiak asko ikasi duenik. Laborrizko kontuak etengabe agertzen zaizkigu gure egunerokoan, eta masakreak, dramak, liskarrak eta gerrak gure ohiko albiste bilakatu dira.

Netanyahu genozidak esan du erasoaldia areagotuko duela Israelek eta Gaza osoa inbadituko duela. Su etenaren sugarrak amatatzen ari dira eta ez dirudi negoziaketarako borondate berririk dagoenik. Bitartean, Europa mutu baten konplizitatearekin, Palestinan gosetea handituz doa eta sarraskiak ez du etenik.

Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak ere ez du ezer barkatzen. Menia txikiak egiteko ahalegina egin zuten mandatariek. Adibidez, Putin Errusiako presidenteak hiru eguneko su etena iragarri zuen naziak garaitu zireneko urteurrena ospatzeko, baina halarik ere, Errusiako hiriburuaren kontrako erasoak gertatu dira Ukrainaren partetik. Errusia ere ez isilik gelditu eta Ukrainari eraso egin dio. Eman eta hartu ibiltzen dira biak, asperdura jasanezinarekin, soldaduak hiltzen diren bitartean, su-eten sendo bat erdiesteko inolako gogorik gabe.

Azken albiste gatazkatsua India eta Pakistanen artean gertatu da. Aspaldikoa da elkarren kontrako gorrotoa, eta milaka izan dira euren artean pizturiko kalapitak, baina oraingo honetan, Indiako armadak Pakistan bonbardatu du, eta Pakistanek gauza bera egin du Indiaren kontra.

Honek guztiak mundua inarrosten duen bitartean, ehunka kardinal (gizonezko) bildu dira aita santu berria aukeratzeko. Zein mundu bitxia dugun, ezta?