Zuri beltzeko argazkiak gordetzen ditugun kaxa armairutik ateratzea bezalakoa izan da. Beldurra eta umiliazioa zer diren berriro gogoratzea. Egindako bidea desegiteko zer gutxi behar den berrestea. Diaz Ayuso bezalako ezjakin lotsagabe bati, esaten duena egiten uzteak dakarrena frogan jartzea.

Esanekoa izan da Diaz Ayuso. Baldintza bat jarri zuen, eta baldintza betez gero zer egingo zuen iragarri ostean, bere hitza bete du. Ulertezina dena da, presidenteen konferentziaren arduradunak nola ez zuen neurriren bat aurreikusi, Ayusok jakitera emandako itsuskeria egiten zuenerako. Aske dela madrildarra aulkitik nahi duenean altxatzeko? Bai, komunera txiza egitera joateko. Baina ez, hitz egiten ari denari eta gainontzeko partaideei errespetu falta erakusteko.

Hedabideek ikustea eta entzutea espero zena jaso dute. Pradales lehendakariaren eta Illa presidentearen erantzunak jaso dira, baita batasunaren aldeko Ayusorenak ere, eta hor bukatzen da kontua. Ez dago inolako neurririk errespetu faltagatik. Eskubideen zapalketa antzezteagatik. Presidenteen konferentzia dinamitatzeagatik.

Legerik gabeko garaian bizi garela dirudi, askatasunari neurria hartu ezinik. Berriro entzun behar izan dugu, espainolez denok jakinez gero, zergatik egin behar den euskaraz edo katalanez; euskaraz aritzea, espainolaren aurka matxinatzea dela… Berehala azaldu dira bestelako analisiak ere. Oso dirdaitsua iruditu zait erkidego ezberdinetako selektibitateetako “Lengua Castellana y Literatura” froga aztertu duen irakaslearena. Aipatu hauta frogaren zailtasun maila aztertu du eta Madrilgo Erkidegokoari 8 nota jarri dio eta EAEkoari 1.

Zuri beltzeko lokamutsak izan ditugu egunotan kolore gorriz zipriztinduta. Garai bateko odola, gaur, Ayusoren soineko deigarri.

Herri oso baten aurkako errespetu gabezia agertzea huts larria da eta zigortua beharko luke izan. Bestela, hurrengo pausoa urrunago emateko bidea irekitzen ari gatzaizkio.

Zuri beltzeko argazkien kaxak ezin du irekita gelditu.