Egunkariak zabaldu eta munduak zaplazteko andana bidaltzen dizu beroarekin borrokan leihoekin zer egin, ireki ala itxi, erabakitzen duzun bitartean. Espainiako errege zaharrak memoria-liburu bat plazaratuko du laster, idatzi ere, berak idatzi duela dio egunkariak, inork sinetsiko ez duena. Beste egunkari batean emakume frantses baten izena agertzen da “kolaboratzaile” bezala. Bada zerbait. Errege zaharrak esan omen du bere irudia garbitu nahi duela bere historia “lapurtu” egin diotelako: ez dakit non izango duen burua editoreak, nik “lapurtu” hitza saihestuko nuke kontu honetan guztian badaezpada ere.

Trumpek ez du libururik idatzi oraindik (uler bedi idatzi berriro ere zentzurik zabalenean), baina perfume-marka bat, bere izenarekin, jakina, atera du: lurrin-flaskoetako bat Trumpen irudi urrezkoa da. Ez dakit lurrinaren usainak flaskoaren gustu txarrarekin zerikusia izango duen, ez dut nire sudurrak zikintzeko asmorik eta badakit eskuin muturrak usain txarra duela.

Etxe Zuriak komunista deitu dio New Yorkeko alkategai demokratari; Denis Itxasori gomendatuko niokeen bideo batean ikusi dut etxebizitzaz hitz egiten gaztelaniaz sozialdemokrazia zer zen gogorarazteko. Tira, orain sozialdemokrazia, Danimarkan behintzat, militarista izan daiteke eta migrazioren aurkakoa.

Bartzelonan kale-garbitzaile emakumezko bat hil da beroa dela-eta: egunkariak arakatuz gero, erraz antzeman daiteke gehiago direla beroagatik hildakoak, langileak guztiak.

Gazan ere jendea hil da, hil dute, barkatu, baina Gaza ez da aspaldidanik eguneroko albistea, gaur, behintzat, ez.

Gure oasian (oasi beroan) Basque Segurtasun Foroa deituriko zera bat antolatu dute (orain gaztelaniaz gain ingelesa ere beharrezkoa da euskara ulertu ahal izateko) segurtasunaz “konplexurik gabe” mintzatzeko Pradales lehendakariaren arabera. Niri, benetan, “konplexurik gabe” esamolde hori aztoragarria iruditu zait beti.

Egunkariak eta leihoak itxi dizkiet beroari eta munduari. Oraindik ireki ez dudan liburu berri bat dut zain mahai ertzean.