Egun hauetako bero-sapak kiskaldu egin gaitu. Albistegietan luze eta zabal ikusi ahal izan dugun moduan, Euskal Herriko txoko askotan tenperatura itogarriak bizi ditugu. Ohikoak dira irudiak eta elkarrizketak, bai eta termometroetako zenbakien dantza ere. Gaur 31º, bihar 32º, eta horrela. Sargoriaren gradu horiek neurtzeko zenbakiak eskalanduzkoak izan dira, baina bestelako analisirik ez dago.

Ez da munduan dugun alarma klimatikoari buruzko inolako irakurketa kritikorik egiten. Onartua dugu klimatologia hau gero eta suntsitzaileagoa izango dela hemendik aurrera, eta men egiten diogu bere gaztiguari. Gai gara zientziak luzatzen dizkigun hainbat ekuazio matematikoren bidez muturreko fenomeno hauek etorkizunean nolako joera izango duten aztertzeko, baina ez gara gai, jakinda ere, euren intentsitatea galgatzeko.

Ikerketa guztiek diote bero-bolada hauek areagotuko direla, eta inoiz ikusiko gabeko garduetara iritsiko garela; “tenperaturak 44 graduraino igo daitezke 2025erako, eta 47ra 2075erako” diote adituek.

Giza jarduerak eragindako aldaketa bortitz horiek galera ekonomiko handiak ekarriko dituzte, baina kapitalismoa prest dago kalte-ordaina pagatzeko munduko enpresa potenteenek izandako mozkinak aurreko ekitaldikoak baino handiagoak baldin badira. Beharrezkoa litzateke oligarkiako sektore dirudunek kontzientzia hartzea klima-aldaketaren ondorioen aurrean, eta fenomeno horien inpaktu ekonomikoa eta soziala minimizatzen saiatzeaz gain, kudeaketa estrategiko sendoak abiaraztea klima-aldaketaren berezko larritzea geldi dadin.

Hemengoarekin batera, deigarria ere izan da Europako panorama. Gure gainetik dauden latitude horietan erregistratu diren tenperaturak inoizkorik altuenak izan dira.

Berotze global zakar horrek heriotza-tasa handituko du, ingurumenari sekulako kaltea egingo dio, sute handiei atea zabalduko die, itsas azaleko uraren tenperatura berotuko du, eta bazterketa, isolamendua, edo baliabide gutxi dituztenen bizitzeko baldintzak kaskartu egingo ditu.

Eta guztiok zaurgarriago bihurtuko gara.