Beti bezala, uztailaren lehen egunetan, zapi gorriak airean dantzan ikusi ditugu, Sanfermin jaiaren txupinazoarekin. Aurten baina, beste kolore batzuk ere gehitu dira, izan ere, suziriari sua eman ziona Palestinako herri osoa izan baitzen.

Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek aurtengo sanferminei hasiera eman zioten, Free Palestina oihua botatzen zuten bitartean, eta modu horretan, Israel burutzen ari den genozidioaren kontrako oihu bilakatu zen festa erraldoiaren hasiera.

Ordu gutxiren buruan (espero zenuten, ezta?) Israelek Espainian duen enbaxadak gogor gaitzetsi zuen Euskal Herriak haizaturiko deiadarra, eta sareetan agerturiko komunikatu baten bidez esan zuen onartezina dela Espainiako erakundeek Israelen kontrako gorrotoa bultzatzea helburu duten eta, inola ere, bakea lortzen laguntzen ez duten pertsonak edo taldeak babestea (Flipatzen?) Bakeaz ari dira berbetan? Bertako enbaxadoreak zazpi azal ditu kopetan.

Egun hauetan bakeaz ere hitz egin dute hemendik urrun. Izokin-haragiaren koloreko Donald Trump AEBko presidente harroputza eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro genozida Washingtonen bildu dira aste honetan, antza, Gazan hasi duten genozidioari amaiera emateko menia edo bake akordio berriren bat topatzeko helburuz, gazatarren kaltetan, seguruenik.

Etxe Zuriko aretoetan burutzeko zegoen bilera hasi orduko Netanyahuk berak gutun bat eman zion Trumpi. Badakizue zer zekarren gutun horrek? Ez zen urtebetetzea ospatzeko gutun fribolo horietariko bat, ez eta amodiozko gutun bat ere. Israeldar lotsagabe horrek AEBetako presidentea proposatu du Bakearen Nobel sarirako, aspalditik merezi duela esanez. Sari handi hori AEBko presidentearentzat eskatu du, “mundu osoan eta bereziki Ekialde Hurbilean bakea, segurtasuna eta egonkortasuna sustatzeko ardura irmo eta apartekoagatik”. (Flipatzen bigarren aldiz?). Ekialdean AEBk ehunka liskar piztu ditu eta gerra askoren sortzailea izan da. Halakorik?

Netanyahuk ipurdia miazkatzen dio AEBko presidenteari ahal duen guztietan. Nazkagarria.