Netanyahuk Trump aurkeztu du Bakearen Nobel sarirako. Orain dela hilabete batzuk eleberri distopiko baten hasiera izan zitekeen esaldi horrek gaur egun gure munduaren errealitatea gordin erakusten du. Irudiak ikusi nituen: Etxe Zurian mahai batera eserita afaltzeko prest zeudenean, Netanyahuk, zutitu eta gero, eskariaren gutuna eman zion laranja koloreko gizonari.

Nor da Netanyahu bakeaz hitz egiteko? Metatzen dituen ankerkeriei beste bat gaineratu berri die: Gazan “hiri humanitario” bat eraiki nahi du 600.000 palestinarrentzat, bertara joaten denak ezin izango du hortik alde egin. Lehen ghetto edo kontzentrazio-esparru deitzen genien horrelako guneei baina, hizkuntza pozoitzeko bideak ez du amaierarik, ez hiri, ez humanitario izango den kartzela bati “hiri humanitario” deitzea lasaigarria (lotsagarria?) izan daiteke “nazioarteko komunitaterako”.

Trumpen ametsa omen da Bakearen Nobel saria eskuratzea, Obamak baldin badu (eta Al Gorek), zergatik ez berak. Ni, benetan, ez nintzateke harrituko emango baliote. Sari bitxiagoak izan dira. Ez dut gogoan nork, baina norbaitek esan zuen aspaldian Bakearen Nobela irabazteko modurik eraginkorrena gerra piztea zela. Zinikoa izan daiteke baieztapena, baina egiatik hurbilegi dago tamalez; Nobelen zerrenda aztertuz gero, edonork ikus dezake, askotan, gerra edo gatazka piztu ondoren nolabaiteko bake-ituna sinatu dutenei eman dietela saria. Zera, bake-itunak atsegin ditut; dena den, agian hobe da gerrarik ez sortzea, zer dakit nik.

Herrialdeen arteko bakeaz gain, Bakearen Nobela ematen dutenek kontuan hartu ohi dute balizko hautagaiak bere herrialdean bertan burutu dituenak. Ez dirudi Trumpek migranteekin egiten ari dena (jazarpenak, deportazioak, kaimanez inguratutako espetxeak eta abar) oso lagungarria denik. Kontzentrazio-esparruak, deportazioak... Beste garai bat burura datorkit nahi gabe.

Pakistanek ere Trump aurkeztu du Nobel sarirako, Indiarekin berriki izan duen gatazkaren konponbidean aritu omen zelako. Edo egongo al dira tartean muga-zergak?