Hiru letra dituen alderdi ultraeskuindar faxistak ez du euskara bakean utzi nahi, eta guztiok nahi gaitu hizkuntza hegemonikoaren meneko. Toki orotan ari dira bazterrak nahasten gure hizkuntza eta kultura zauritzeko estrategia ilunen bidez. Euskarak hazkura ematen die, eta gaixotasun kutsagarri balitz bezala zedarritu eta ito egin nahi dute, beren hizkuntza ez delako, beren banderaren azpian kabitzen ez garenon lengoaia gorrotatzen dutelako, nazka sentitzen dutelako. Horrexegatik, desagerrarazi, pobretu, indargabetu, flakatu nahi dute betiko.
Balizko normalizazioaren kontrako beste eraso bat da udal legearen kontra Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiak. Eta norengandik heltzen da gugana? Lotsarik gabeko euskarafobia praktikatzen dutenengandik, alderdi eta epaitegietako epaile ultraeskuindarrengandik.
UEMAko udalerriak dira kaltetuenak, baina irmoki adierazi dute euskara bera eta bere aldeko legea defenditzeko prest daudela, “euskaldunak garelako, euskara delako gure hizkuntza, euskaraz garelako eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako”.
Antza denez, gakoa koofizialtasunean datza. Hemen ezin dugu lehenetsi gure hizkuntza, berez, horrek koofizialtasuna bera bermatuko ez lukeelako. Baina gaztelaniaz egiten bada ez dago arazorik.
Gure parlamentuko politikariek euskara babestuko duten lege irmoak egin eta onartu beharko dituzte, ofizialtasuna bermatuko diotenak, eta betikoen aldetik, beste esku-sartze zikinik egon ez dadin. Izan ere, onartezina da alderdi xenofobo espainiar horrek gure hizkuntza eskubideen kontra bere gorrotoa praktikatzea.
Halarik ere, etorkizuna nahiko beltza ei dator. Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorioetako bat da erdara gero eta sarriagotan erabiliko dugula euskal hiztunok, euskaraz aritzeko izango ditugun espazioak urriagoak izango baitira espainolaren erruz.
Euskarak urteetan eta urteetan bizkirik jarraitzen jakin du, eta afrontu txarragoei ere egin die aurre, eta hala egingo du oraingoan ere euskal herritarron bultzadarekin.