Goiz hartan Quintino Sella aterpetik atera ginen lehen argi-printzekin. Liskamm mendiaren ertz ederra kurritu nahi genuen, geroago Gnifetti aterpean zerbait jan eta edan ostean Staffal herrira jaisteko. Gogoan dut teleferiko baten zain geundelarik, Bartzelonako mendizale batzuk agertu eta berbetan hasi ginela, nondik ibili diren, zein eskalada egin dugun, eta abarrez. Bat-batean horietariko batek bota zuen: badakizue Felix Iñurrategi hil dela? Zirkuitulabur baten eztanda gertatu zitzaidan burmuinean. Zer diozue? Oker zaudete. Ezinezkoa da. Felix? Bai zera!!! Gaizki irakurri duzue. Eta berak: Bai. Gasherbrum mendian jaisten ari zela, sola bat askatu eta beherantz amildu da.

Aho bete hotz lotu ginen isiltasun lodi batek hartzen gintuen bitartean. Gero tristeziaren hatzapar beltzak zauritu gintuen. Bihotza uzkurtu zitzaidan osorik.

Mendiak bizitza pasioz bitzeko gonbitea luzatzen digu beti, eta pertsona hobeak izateko eskola ederra da. Espazio eta paraje horietan gure barneko nia sakonki ezagutu ahal dugu eta gure zaurgarritasunaz jabetu. Azkenean, mundu honetan gizakia oso elementu nimiñoa dela onartzea gauza ederra da, eta are gehiago mendi, glaziar, bailara edota gailur altu, eskuraezin eta harrigarriz inguraturik baldin bagaude. Mendia isila da, materia bizigabea, baina badu mistikatik zerbait. Bertan deskubritu egiten dira norberaren parametro biziak.

Felixek eta Albertok bide hori hartu zuten soka anaitu baten barnean. Hasieratik markatu zuten belaunaldi gazte baten estrategia pertsonala, non mugiarazten zituen gaitasuna gainditzeko adorea elikatzen zuten, non barruko ahulezien mugak apurtzeko gogo bat eratu zuten. Gaztetatik hasi ziren mendi altuenetan, Everesten kasurako, oxigenorik gabe. Hantxe erakutsi zuten nolako ahalmena gordetzen zuten. Geroago beste eskalada harrigarri batzuk etorri ziren, bai eta lorturik gabeko ametsak ere.

Mendi altuekiko miresmen-sentimendu hori ez da inoiz desagertuko, ez eta bere maldetan jardun duten mendizaleen espiritua eta izaera zintzoa ere, bereziki Felixena.