Aurreko astean, Donostiako alderdi zaharrean pasiatzen nenbilela, gimnastika ezagun bateko kamisetaz jantzitako emakume batek garrasika egin zidan, ero baten pare. Egia esan, ez zidan niri garrasika egin (nahiz eta hala sentitu nuen); garrasika ari zitzaion munduari. Begiak bere orbitatik aterata, kaletik pasatzen ginenon arreta deitu eta gure babesa jaso nahian edo, polizia zetorrela edo etorri zela eta dena kendu ziola edo kenduko ziola zioen. Ez nintzen gelditu. Bere tenetik aterata zegoela iruditu zitzaidan. Sustantziaren bat hartuta ere bai, seguraski. Izerdi patsetan utzi nuen, kalean alde batetik bestera, batzuei zein besteei errieta egiten.
Ez nintzen lasai geratu, hala ere. Emakumeak zer esan nahi zuen ez ulertzeak, barrua laztu zidan. Ulertzen ez dena ezin baita lagundu, ezin baita bideratu.
Ondoren jakin dugu, Valentzian, emakume batek beste bat hiru egunez etxean bahituta izan duela, zeloak tarteko, “bere” gizonarekin harremanak izateagatik. Bagina erre dio, besteak beste. Biktimak, torturatzaileak lo hartu duenean, balkoira atera eta laguntza eskatu du. Halaxe askatu ahal izan dute.
Eta nire buruan mailuaren dunbotsa: balkoitik laguntza eske garrasika aritu zen emakumea alderdi zaharrean ikusi izan banu, lagunduko niokeen? Ero itxura izango zuen, beharbada esaten zituenak ez nizkiokeen ulertuko eta… lagunduko niokeen?
Ezin dut gimnastika ezagun bateko kamisetaz jantzitako emakumea burutik kendu. Gimnastikara joaten zeneko garaiak bestelakoak zirela pentsatu nuelako ikusi nuenean. Eta berehala topatu nuelako beste arrazoi logikoago bat: kamiseta Caritas-en jasotakoa izango zen...
Ulertzen eta entzun nahi ez ditugun garrasien aurrean zein entzungor bilakatu naizen ikusteak harritu nau. Zein beldurti bilakatu naizen. Zein hotz.
Orain, mailua dantzut nire kontzientzia zulatzen. Balkoiko emakumeari lagunduko ote nion galdezka… Ez dut inoiz jakingo. Baina gimnastikako kamiseta zeraman emakumea, beharbada, bai aurkitu dezakedala, gaur, alderdi zaharrean.
Beste aukera bat daukat belarriak irekitzeko.