Nago garrantzia duela memoriak: egokia eta zuzena, beharrezkoa, ezinbestekoa eta derrigorrezkoa dela. Nondik gatozen eta nola jakiteak baldintzatu dezake etorkizuna, ikuspuntua, irrika, helburu eta desioak. Belaunaldi berriek eskubidea dute iragana ezagutzea eta jakitea, eta agian baloratzea. Hortxe geure seme-alabek, bilbek eta birbilobek. Ez baitago etorkizunik iraganik gabe. Hala uste dut nik behintzat.

Bi alaba ditut, Leire eta Enara. Lau biloba, Noa, Natale, Eki eta Kai. Oso gaztetxoak, oso. Zaharrenak 12, gazteenak ez ditu 2. Koskortu dira, emakume-gizon helduetan bilakatuko dira. Euskaldunak. Euskaraz hasi eta hezi. Beraientzat, Euskal Herria, Euskadi, Euskara, Etb, euskal irratiak, egunkariak, hezkuntza euskaraz e.a luze bat normaltzat jotzen dute. Betikoa omen. Bai betikoa. Ez dute iragana ezagutzen. Eta nago eskubidea dutela.

Eskubidea beraien aitonak eta birraitonak ezagutu, borrokatu, sufritu eta pairatutakoa. Une latz eta larriak hain zuzen. Memoria. Eta horrela Ramon Olasagastik (Berrobi 1972) Erein argitaletxean, 2024, liburu bat argitaratu berri bat du, “Memoriaren giltzak” izena duena. Memoria. Giltza. Honela dio: “Indio eta Tania sarri ibiltzen dira Ezkaba mendiko baso, bidezidor ta hegietan, zer suma, zokomiran. Arratsalde batean ikusitakoak, ordea, asaldatuta utzi ditu erabat. Zer dira eskeleto horiek? Zer da gizon-emakume horiek hezurren artetik atera duten botila hori? Ondoko egunetan, beste aurkikuntza bat egingo dute Zubixarreko siman: giltzatzar herdoildu bat.

Ezustean, iraganeko hainbat pasarte ilunen ateak zabalduko dizkie giltza horrek: Ezkabako gotorlekua espetxea zen garaian gertatu zen ihesaldi harrigarriaren berri jakingo dute, eta giltzapean egondako memoriak askatzen lagunduko dute”. Memoria gazteen eskubidea. Horretakoa naiz. Eta nago Euskadirekiko eta euskararekiko arbasoen leialtasuna, koherentzia, zintzotasuna, borroka, lehia, sinesmena, sufrikarioa eta esfortzua nolako eta zenbatekoa izan zen eskubidea dutela jakiteko. Bedi.