Aurreko igandeko zutabean, “Foruak eta firuak” izenekoan, zenbait zertzelada eman nituen Gernikan eginiko ostearen gainean. Handik laster, lagun min gernikar batek ahozko mezu bat bidali zidan esateko datu batzuk ez zeudela zuzen. Horregatik, errakuntzak onartzeaz gainera, beharrezkoa da haiek zuzentzea: “Errare humanum est, fateri etiam humanum est”. Hori dela eta, ondorik zuzenduko ditut egitatezko hutsak. Aletu ditzadan errakuntzok, bada. Irakurle horrek, hartu zutabe hau aurrekoaren huts-zuzenketa gisa.
Gernikako lagunak argitu zidan legez, okerreko lekura agertu nintzen behinolako “Zallo”ra joan nintzenean. Izan ere, Juan Kaltzada 79an dago “Zallo Barri” jatetxea. Zein leku ote neukan buruan okerreko lekura joateko? Ez urrun, geroago ikusiko dugunez. Gure andreak esango lukeen legez: edadeko aitzakiak. Bai, geroago eta garbiago daukat urteekin ardoa bakarrik ontzen dela… eta ardoa ere luzaro ez.
Hurrengo errakuntza “Isibengo” tabernaren ulerbidea izan zen. Alde batetik, nire errakuntzaren aringarri moduan-edo, aitortu behar dut “Isibengo” irakurri nuela; egin-eginean ere, gure lagunaren oharra entzun eta gero, kontua sakonago aztertu dut, eta konturatu naiz tabernaren izena “Isi Bengo” dela. Oraindik “b” xehea ikusten dut neure buruan, baina hori nire ikusmen-arazoa dela onartu beharko dut. Gainera, jakin dudanetik, “Isi Bengo”ren atzean Isidro Bengoetxe dagoela jakin dut. Eta Juan Kaltzada 71n dago. Zenbakien kontua ere izan bedi nire errakuntzaren aringarri, arren!
Edozelan ere, errakuntzak onartuagatik nire tesi nagusiari eutsi behar diot zoritxarrez. Gaur egungo bolada global eta globalizatzaileek, guai eta guaitzaileek, moderno eta modernizatzaileek eta horien guztien antzeko enparauek gure zuztarrak ahantzarazten dizkigute, edo horixe jadetsi nahi dute. Honela diote batzuek: “guztiek dakite gaztelaniaz”; “euskarak gure beharrean mugatzen gaitu” (ez dut ulertzen zergatik gehiago jakiteak mugatzen gaituen) eta abar.