Lisboan istripua izan duen Gloriako funikularra 1855an inauguratu zen eta egunean zehar, hamar minututik behin egiten zuen 48 metroko desnibeleko ibilbidea. Nork pentsatuko zuen 2025eko irailaren 4an bihurgune batean aterako zela errailetatik, eraikin bat jo ondoren irauli egingo zela eta hamasei hildako utziko zituela.

Eta funikularrarekin bezala, zenbat gauza iruditzen zaizkigun ezinezko, zenbatetan pentsatzen dugu betirako egongo direla hor, ezagutu ditugun bezala. Zenbatetan pentsatzen dugu ere gu beti egongo garela hemen, guri ez zaigula inoiz gertatuko… Suposatzen dut funikularraren istripuan hil direnek ere hala pentsatzen zutela.

Hitzetan bai, askotan esaten dugu zerbait gerta dakigukeela autoan errepidera irteten bagara edo gaixotasunak edonor harrapatu dezakeela, gu barne. Baina gure barru-barruan hor nonbaiten dagoen ahotsak esaten digu guri ez zaigula gertatuko. Halakoak jendeari gertatzen zaizkiola, ez guri. Gu jendea izango ez bagina bezala. Jendea garela konturatzen hasten gara gugandik gertu dugun norbait gaixotzen denean edo istripuren bat duenean. Orduan sinisten dugu guri ere gerta dakigukeela.

Ba iruditzen zait antzeko zerbait gertatzen zaigula baita ere giza-eskubideen hainbat lorpen eta aurrerapausoekin. Askotan pentsatzen dugu behin lortuta jada ez dagoela atzera pausoak ematerik, bidean aurrera egiten jarraituko dugula errailetatik irten gabe. Baina arriskua, egon badago. Nork pentsatuko zuen duela urte batzuk, 2025eko irailaren 4an, Espainiako Kongresua emakumeen kontrako indarkeria ukatzeko espazio bat bihurtuko zela, adibidez. Eta gertatu da alderdi ultra-eskuindar baten eskutik.

Sekula gertatuko ez zirela pentsatzen genuen gauza asko gertatzen ari dira. Besteak beste, giza eskubideen defentsarako espazioak galtzea. Eta espazioak oso garrantzitsuak dira. Espazioak errailetatik atera dezakeelako funikular bat, ferrokarrila edo tranbia bat. Espazioak istripu bat eta min asko eragin ditzakeelako, alegia.