Lanerako bidean, Gasteizko Senda ibilbideko platanondo altuetako batean behin txori bat ikusi nuen enborrak zuen zulotxo batetik sartzen. Ordutik, goizero altxatzen dut burua handik igarotzen naizenean, adi, zulotxotik txoriren bat sartzen edo irteten ikusteko gogoz.

Txoria bertan sartzen ikusi nuen egunean pentsatu nuen: denok bilatzen dugu espazio seguru bat, babesleku bat, geure burua eta gureak babesteko, seguru sentitzeko. Txoriak enborraren zuloan bezala, batzuek erlijioan bilatzen dute babesleku hori (argi geratu da egunotan Aita Santuak Madril, Bartzelona eta Kanarietara egin duen bisitan), beste batzuek familian bilatzen dute aterpetxe hori, edo futbol talde bateko jarraitzaileen artean, edota lagunarteko kuadrillan…

Denok bilatzen dugu leku bat zeinera ihes egin, zeinetan seguru eta ondo sentitu. Guztien artean, batzuek artearen munduan, sorkuntzan, bilatzen dute euren bizitzari zentzua emango dion babeslekua, baina esango nuke kasu honetan sortzaileak nekez bilatu eta aurkitu dezakeela leku seguru bat sorkuntzan. Aldiz, sorkuntza beti dela leku arriskutsu bat, segurtasunik gabeko leku bat, intrigazko leku bat.

Artea, literatura, musika, zinema, antzerkia… zerbait deskubritu nahi dutenen lurraldeak dira. Sorkuntzan leku seguru bat bilatzera doanak seguru aski ez du ulertu sorkuntzak berezkoa duen ezaugarri iragarri ezina. Horregatik dago sorkuntza hain gertu bizitzatik. Bizitza horrelakoa delako baita ere, ustekabekoa, segurtasunik gabekoa, etengabe aldatzen doana…

Helduleku seguru gutxi daude bizitzan, eta, hala ere, geure zulotxoan sartuta, askotan sentitzen dugu babestuta gaudela. Hala gertatzen da baita ere sorkuntzarekin, beti zaude arriskuan, eta, hala ere, idaztean, abesti bat konposatzean, pintura bat margotzean… bizitza honetatik babesteko leku egokienean zaudela sentitzen duzu.

Platanondoaren zulotxoan behin sartzen ikusi nuen txoriak bezala.