Gaur ikasturte berria hasten da. Etxeko gaztetxo gehienak nor bere ikastetxera hurbilduko dira. Ostiralean egin zuten lehenbiziko gerturatzea. Ordutegiak eta liburuak jaso zituzten. Gaur, errutinarako bidea hartuko dute. Gurasoen errutinarako bidea.

Hala aritu dira jardunean lankideak aurreko astean, kafe orduan. Seme-alaben ordutegiak izan dituzte hizpide. Irailarekin batera nola betetzen zaizkien asteko egunak, larunbat goiza barne. Ordu betero daukate zerbait. Telebista kate bateko parrila dirudi haien lan-programak. Kafeak askorako ematen duelako jakin dugu, adibidez, iaz, 10 urteko neskato batek, ostegunetan, gaueko hamabietan bukatzen zuela eguneko jarduna. Arratsaldean ikastolatik irten ostean, bi kirol jarduera izaten zituela. Ondoren, ingelesa. Eta non eta nola afaltzen zuen ez dakigula, gaueko 21etik 24ra arte eskolara joaten zela.

Gurasoek egun horretan gaueko hamabiak arte lan egiten dute eta alabari ere zeregina aurkitu behar izan diote? Ostegunetan pintxo-potea luzatzen dute? Alaba zaintzaile batekin uzten dute eta honek marrazten erakusten dio?

Maite Gorogordobil psikologian doktoreak eskaera edo gomendio zuzena luzatu die gurasoei: umeekin, egunero, ordu erdi jolasean aritzeko. Umeei ordu erdi eskaintzeko, alegia. Ez dirudi hainbesterako denik. Baina argi dago, ez dela betetzen.

Aurreko astean, aspaldian elkar ikusi gabeko lagun batekin egin nuen topo. Gelditu behar dugu, gelditu behar dugu, errepikatu zidan. Eta berehala, desenkusa. Ez dut tarte bat ere. Agendan konpromisoak aste batetik bestera pasatzen ditut. Eskerrak Google-eri.

Tristurak harrapatu ninduen. Tarterik gabe bizi garelako. Nahi duguna egiteko ere betarik gabe. Irudikatu dut, egunen batean, 21etik 24ra arte eskolak jasotzera joaten den neskatoak, artista izatera heltzen bada, elkarrizketa batean esango duela: gurasoen hutsunea betetzeko nire modua da artea. Eta ikertu egingo dugula. Zeren eta orain, ez daukagu denborarik horretaz pentsatzeko ere.