Espainiako aurtengo Vuelta ez da oso normala izan. Protesten Vuelta izan da, eta genozidioaren kontrako eta Israelgo Premier Tech taldea lehiaketatik uxatzeko aldarri bilakatu da iragan den probintzia eta hiri askotatik.
Igandean amaitu zen proba, eta antolatzaileek bertan behera utzi behar izan zuten etapa. Hortaz, ezin izan zuten helmugaratze bat ikusi Madrilgo erdigunera hurbildu ziren zaleek, gehiengoa protesta zaratatsua egin eta amaiera hori zapuzteko helburuz gerturatu baitzen.
Lotsagarria izan zen Isabel Diaz Ayuso Madril presidentea Premier Tech taldearekin ateratako argazkia, La Vueltako azken etaparen irteeran Israel taldeari bere babes guztia emateko gerturatu baitzen.
Etorriko zenaren aurrean, bertako alkateak segurtasun neurri itzelak hartu zituen, eta Madril hiria poliziak hartuta izan zen egun osoan. Azkenean, manifestarien eta poliziaren arteko liskar batzuk sortu ziren, baina munta gutxikoak, Gazako genozidioan Israel egiten ari denarekin konparaturik. Batzuek diote hori biolentzia dela, baina argi dago biolentzia guztiak ez direla sarraski odoltsuak.
Penintsulako herri askotako salatzaileen elkartasuna goraipatu da Europako hedabide askotan, Israel herria bere aurpegia garbitzeko erabiltzen dituen bideak oro ez baitira errespetagarriak. Dominique de Villepin Frantziako lehen ministro ohiak Israelen aurkako gaitzespenari buruz honako hau esan du: “Espainia Europaren ohorea salbatzen ari da”
Sestaoko xake lehiaketa batean (Open Basque Country) izena eman zuten Israelgo zazpi jokalariak ez dira azkenean etorriko. Txapelketak hainbat herrialdetako berrehun jokalari bildu behar zituen, tartean zazpi xakelari israeldarrak. Bada, beren bandera ez da Sestaon egongo.
Eta saskibaloian ere herri horri debekuak jartzeko engranajeak mugitzen ari dira, izan ere, Buesa Arenan Israeleko taldeek jokatzeari ateak ixteko eskatu dute hainbat elkartek. Horren aurrean erabaki irmoa hartuz gero, saskibaloia ez da izango Israelgo erregimen genozida zuritzeko kirol-tresna.
Eta Eurovision?