Ez naiz zirku zalea. Tikitan noizbait eraman gintuzten Basotxo inguruan eta Yanguas y Mirandan ezartzen ziren karpa handietara, baina halakoetan, lilura gabe, beren tristezia kutsatzen zidaten animalia kaiolatuen kexuek eta artisten irri bortxatuegiek. Sentipen gozogabe bera berritu izan dut heldutan, seme-alabekin batera itzuli naizelarik. Herenegun joan nintzen berriz gisa honetako ikuskizun batera. Uharten. Gure Zirkua ez zen bart arratsean sortu, 2018an abiatu zuen bere izaera ibiltaria. 2022az geroztik urte-urtero izan dugu Iruñerrian bisitari, Antsoainen bi aldiz eta bertze behin Burlatak eta Atarrabiak elkarrekin topo egiten duten aldean.
Banuen, beraz, haren berri; ez, ordea, bertatik bertarako ezagutza. Zortzigarren denboraldia bete duelarik gertatu naiz haren ikusle. Holako opariak egiten dizkizu aitatxitasunak. Miraz nago oraindik. Lehen-lehenik, ikuskizunaren kalitateagatik. Akrobatak, magoa, bihurrikariak, malabaristak, trapezista, pailazoak, aurkezlea, zuzeneko musikarik, kantaria... denak bikain, zenbaitetan ikusgarri. Erran gabe doa, artista guztiak ditu bi oin gainekoak, eta haien irribarreak, egiazkoak. Zeren eta ikusgarriari darion gozotasuna baita Gure Zirkuaren bigarren ezaugarria. Nolako harrera jendeari; nolako agurra, guztiak kanpoan lerro-lerro, mila eskerka. Eta hirugarren zangoa, euskalduntasuna
. Euskarak ematen dio funtsa. Euskarak eragin du eta euskara eragiten. Euskara izaki, orobat, haren arrakastaren giltza. Igandean, arratsaldeko saiorako sarrerak agorturik zeuden gu mugitzen hasi orduko. Eguerdikora etsi behar izan genuen eta orduan ere zotz bat ere kabitu ez. Uharten egitekoak ziren hamar saioei lau gehitu dizkiete. Kasu, hala ere; urriaren 18ra arte baizik ez dira izanen tipula-zorroen herrian. Ez zaizue damutuko kiroldegiaren ondoko aparkalekura bazoazte. Ilobak etxeko salan ditugu orain, hankatxoak goiti eta beheiti, “gauza zailak egiten”.