Bizitzan ohikoa da oztopo asko aurkitzea lortu nahi duguna lortzeko bidean, baina horien artean, badago bat, gure etsai nagusienetakoa bihurtzen dena: nagikeria, alferkeria. Gure proiektuak eta ametsak aurrera ateratzeko kanpotik datozen traba asko aurkitu ditzakegu, edo bestelako egiturazko oztopoak, denbora falta, kasu. Baina badago faktore erabakigarri bat zahartzen goazenean, zaharrago egiten gaituena: gauzak egiteko alferkeria, gogo eza, galbana.

Nagikeriak txiki egiten gaitu, ahul. Gogoaren gasolina beharrezkoa da edozer egiteko. Gogorik gabe, esfortzu bat egiteko jarrerarik gabe, ez dago ezer lortzerik. Ikusten dudanean zahar jende aktiboa, prest mendira paseo bat ematera irteteko, edo erakusketa batera edo hitzaldi batera joateko, haien begietan antzematen dut barrutik gazte mantentzen dituen indar bat. Clint Eastwoodek esan zuen behin: Ez zaitzala barruan daramazun zaharrak harrapatu. Eta honek ez du esan nahi bakoitzak ez duenik onartu behar bere adina, ez da jarrera edadista bat, zahartzea debekatzen gaituena, baizik eta zahar garela onartuta, zahartzaro hori ez dadila mugatua egon gizarte honek zahar jendeari eskaintzen dion rolera, hau da, gizartean aktiboki ez parte hartzera eta bere etxean geldirik egotera bultzatzen dituenera. Zahartzaroak muga fisiko batzuk jartzen dizkigu, eta ezer gutxi egin daiteke hezurretako minaren edo gero eta nabariagoa den neke fisikoaren aurrean, baina badago gainditu daitekeen muga bat: alferkeriarena. B

izitzan dena eginda daukatela pentsatuz, ezer egiteko indarrik edo ilusiorik aurkitzen ez duen jende asko dago. Eta ulertzekoa da nekea, bizitzak ez digulako beti ibilbide erraz bat eskaintzen, eta gutxika gure ilusioa higatuz doalako. Baina zenbateko eragina du horretan nagikeriak? Zerbait ez egitea erabakitzen dugun bakoitzean geure buruari egin beharko geniokeen galdera dela iruditzen zait.