Irudikatu emakume bat. Zeuk pentsatu ze adin daukan, ze nazionalitate. Baliabideak dituen edo ez. Ikasketak dituenentz. Seme-alabarik ba ote duen. Bikotea…

Irudikatu ezazu emakumea itxaron-gela batean.

Duela pare bat aste, haurdun dagoela jakin du. 10 asteko dago. Zeuk pentsatu nola geratu den haurdun: neurririk ez du hartu, neurriek huts egin dute, bortxatua izan da… Argi dagoena da irudikatzen duzun emakume horrek ez duela aukeratu haurdun geratzea. Ez duela pentsatu ama izateaz.

Asko hausnartu du egunotan. Azken hamar asteotako bere bizitza goitik behera aztertu du. Zer egin duen, zer pentsatu, zer sentitu. Bere barruan bizitza berri bati hasiera ematen aritu den bitartean, nahiz eta kontziente ez izan. Ahalmen hori du. Bizi berri bati hasiera ematekoa. Jakin gabe ere bai. 

Zergatik galderari askotan erantzun dio. Zergatik hartu behar duen eskatu ez duen erabaki bat. Zer ikasi behar duen erabaki hori hartzearekin. Bi aste gelditzen zaizkio abortatzeko.

Konturatu da ez dela ikasgai bat. Ez duela ezer demostratu behar. Erabakitzea dagokiola.

Begiak itxi eta arnasa hartu du. Sekula tronpatzen ez den leku horretatik. Eme egiten duen tripatik. Haurdunaldia etetea erabaki du.

Bakarrik dago itxaron-gelan. Bere eskubidea gauzatu bidean. Bere bizitzaren norabidea aukeratzen, edo nahi ez duen norabidea ekiditen. Sortzeko bezain besteko ahalmena daukalako bere bizitza gobernatzeko.

Orain, irudikatu, itxaron-gelan erizain bat sartzen dela eta informazio-orri bat ematen diola emakumeari. Zuk jakiteko: “zure seme-alabaren bizitzarekin amaitzeak ondorio larriak ditu amarentzat, aitarentzat eta, oro har, gizartearentzat. Abortuaren osteko sindromea izan dezakezu, depresioa, antsietatea, lo egin ezina, alkohola eta drogak kontsumitzeko joera, pentsamendu suizidak edo eta plazer sexuala galtzea”.

Irudikatu, orain, informazio-paper hori irakurri duen emakumea. Zuk irudikatu duzun adinarekin, nazionalitatearekin, baliabideekin, bizi proiektuarekin… Irudikatu papera birrintzen. Irudikatu salaketa jartzen esku-sartze gehiegizkoagatik.