Asteburuan, eguneko albisteak errepasatzerakoan, irrikitan desio zuen Bakearen Nobel saria Venezuelaraino hegan egin zenaren aipamen ugari ikusi irakurri nuen, baita ere argazki bitxi baten azpian beste titular labur bat. Irrifarrez, nere buruari esan nion: gertakari guztien protagonista nagusia izatearen obsesioan, hona hemen Trumpek bururatutako gaurko xelebrekeria: urriaren 13a Colon Eguna aldarrikatu izana, solemnitate osoz Bulego Obaletik presidente-dekretuaren sinadura zuzenean erretransmitituz. Egia esan, haren burutazioetako bat izan ala ez, holako ospakizuna ez da batere berria ze AEBetan Columbus Day delakoaren lehen aldia 1891ean izan den. Detonatzailea? New Orleans-en izandako 11 etorkin italiar-estatubatuarren lintxamendua. 1937an, Roosevelt presidenteak federaleko jaiegun izendatu zuen eta 1987an, urriaren 12tik hilaren bigarren astelehenera pasa zen. Laburbiduz: AEBetan ospatzeari utzi ez zion egun-historiko bat berreskuratzea adierazi zuen Trumpek. Baina, adi, gizon honek ez du haririk gabeko puntadarik ematen.
Dekretuaren idazketa “politikoki zuzena” alde batera eginez, hitza hartu zuen eta bere berritsukeria histrionikoa kontakizunaren jabe bihurtu zen. Laburbilduz, alde batetik, ohore eta aintza italiar-komunitateari latindar-komunitatearen aurkako mespretxua eta etengabeko erasoen kontrajarreraz eta, bestetik, Genovako zen Colon itsas-gizona benetako “jatorrizko estatubatuar heroi”tzat aldarrikatuz, nahiz eta egungo AEBko lurraldea inoiz oinkatu ere ez zuen egin, Biden Presidenteak duela zenbait urte ofizialki adostutako Indigenous Peoples’ Day delakoa kentzea justifikatzen zuen, Estatu Batuetako jatorrizko herriei eta biztanleei errekonozimendu zintzoa adierazteko.
Gazako genozidioaren konplizea izan den handiki bat, bake-gizon gisa aitortzea publikoki exigituz eta, era berean, elkarbizitza lehertaraziz eta estatubatuarren beraien arteko gorrotoa bultzatuz, zein zentzugabekeria arriskutsua zeinaren ondorioak, AEBetan zein mundu orohar ezagutzeke daude.