Barnealdean sartzea 40 urte atzera egitea bezalakoa da. Duela berrogei urteko abendu goibel hartara. Denboraren joanean oroitzapen aunitz lausotzen dira, itzaltzen, galtzen. Ezin oroitu elurrik ote zen mendietan, nola zebilen Osasuna, zer albiste zebilen bolo-bolo nazioartean, baina auskalo zerk eraginik, beti irauten du oroitzapenen batek argi eta garbi ahanzturatik erauzia. Bereziki, abendu ilun hartakoak; egunotan, Basotxo karrikako autobus ibiltaria dela medio, biziberritua. Huraxe baitzuen lantoki eta bizibide Donostian. Hark berak gidatutako autobusa da edo autobusaren antzekoa; garai hartan hiri-busak ziren bezalakoak, azalez eta mamiz.
Hantxe dago haren lan-txartela, bolantea, txoferraren jarlekua, zorroa, bus-txartelak zulatzeko tresna, bai eta haren gaineko oroitzapena bizirik mantentzeko idazki eta argazkiak ere, lekukotasun baliosak, abendu hartan gertatutakoaren oroigarri. Orain dela berrogei urteko argazkia ikusi, eta orduan baino puskaz gazteagoa dela ematen du. Urteen joan-etorriak nabarmen aldatzen baitu jendearen adinari buruz dugun ikuspegia. Aitzineko atetik sartu eta atzeko aldetik atera arte, hunkidura areagotzen zaizu, letra eta argazkien bidez harilkatutako oroipen atalak irakurri eta ikusi ahala. Hark bizitzan egindako ibilbidea ere egiten ari da autobusa, Aezkoatik Donostiaraino iristeko, bere ibilian hainbat tokitan geldituta.
Bertzeak bertze, Iruñean, bai eta Bidasoak gurutzatzen dituen Bortzirietan ere. Bere txikian, bere xumean, handia da zinez autobus hori, oraindik ere zenbait hedabidek “desagerpena” aipatzen duten honetan. “Desagerrarazi” aipatu beharko lukete. Abendua hartan izan baitzen. Abendu hartan atxilotu, tortura bidez hil eta desagerrarazi baitzuten Mikel Zabaltza Garate, Donostiara lanera joandako aetza, alegia.